Getxoko udalak Ibarbengoan aparkalekua eraikitzea du helburu. Galerazteko, sei urtez eremu hori landu du Tosu Betirako mugimenduak eta hainbat ekintza eta kanpaldi egin ditu bertan. Irailean kaleratuko dituztela aurreikusi eta "Erresistentzia Akanpada" deitu du, "oraingoan, obra gelditzeko".
Abuztuaren 9-14ko astean "Erresistentzia oporrak" egin zituzten Tosuko landan, kaleratze arriskuari aurre egiteko. Erresistentzia tailerrak egin zituzten eta Portu Zaharreko jaietan kuadrillen jaitsieran parte hartu zuten.
Arrazoi "teknikoengatik", Ibarbengoako parkingaren eraikuntza lanei ekiteko eta Tosuko kanpamendua kaleratzeko data abuztutik irailera atzeratu dutela iragarri dute Tosu Betirakoko kideek.
Horregatik, mugimenduak hirugarren "Erresistentzia Akanpada" deitu du, abuztuaren 31n hasteko. Euren hitzetan, "oraingo honetan obra behingoz gelditzeko asmoarekin". Akanpada antolatzeko, abuztuaren 22 honetan asanblada irekia egingo da Tosun 18:00etan.
Tosu Betirako mugimenduak ekintzetan irudimena eta umorea erakutsi ditu, "Aita Floren" (Florentino Perez alegia) bideoklipa da azken adibidea.
Parkinga eta atzetik, urbanizazioa
Mugimenduak salatu du Imanol Landa alkateak aparkalekuaren kokalekua hasierako proiektutik aldatu egin zuela, Tosuko landaren ahiekara, "Martiturri" landara, "horrela, Viviendas de Vizcayak ingurua urbanizatu ahal izan dezan".
Gehiago jakiteko, Unai Brea kazetariak eginiko erreportajea: "Zementuaren aurrean, aitzurrak".