Abuztuaren 31tik erresistentzia kanpaldia egiten ari dira Tosu Betirako asanbladako kideak Ibarbengoako metro geltokiaren inguruan, Getxon, aparkaleku erraldoia egin dezatela eragotzi nahian. Ertzaintza eurak botatzera noiz etorriko zain, astez aste doaz musika, hitzaldi eta bestelako jarduerez osatutako egitaraua osatzen. Datozen egunetan gerta daitekeenaz berba egin dute gurekin.
Aspaldi igaro zen Bizkaiko Garraio Partzuergoaren agendan Ibarbengoako aparkalekua eraikitzen hasteko gorriz azpimarratuta zegoen lehen data. Tosu Betirakok zelaia okupatuz lortu izan du proiektua atzeratzea. Denboraz etxola handi bat eraiki dute, eta horretan pertsona bat erroldatuta dago gaur egun. Horrek ere geldiarazi du prozesua azken hilabeteetan; ekainaren erdian jaso zuten Tosuko landa astebetean husteko agindua Eusko Jaurlaritzaren aldetik, baina oraindik inor ez da saiatu bertatik botatzen.
Azkenik, ordea, iritsi zaie erroldatuta dagoen pertsonak etxolatik alde egiteko agindua. Arazoa da epaileak horretarako igorri duen dokumentua ez dela oso argia. Desalojorako data ipinita dagoen arren, ez dakite zein den: “Alde egiteko hamar eguneko epea daukagula –tira, zehazki erroldatuta dagoen pertsonak daukala– dio, baina lan egunak edo egun naturalak diren zehaztu gabe”.
Era berean, Ertzaintzari hamar egun eman dizkio epaileak obrak hasteko baldintzak daudela ziurtatzeko, baina ez dago argi epe hori desalojoa gauzatu ostean hasiko den, edo noiz. Momentuz abokatuak ere ez dira gauza izan epailearen agindua zehatz interpretatzeko.
Edozein kasutan, egun gutxi barru jazoko da jazo beharrekoa, agindua joan den astean jaso zuten eta. “Guri, egia esan, ez digu hainbeste axola, modu batean edo bestean hemen ahalik eta gehien irauteko asmoa dugu eta”, diote asanbladako kideek. “Haiek zer jarrerarekin datozen, gure erresistentzia ere halakoa izango da, baina helburua ahalik eta luzeen irautea da. Besteak beste, ahalik eta jende gehien hurbiltzeko”.
Kanpalditik botatzen badituzte erdigunera joko dute, Algortara. Lehenik eta behin, mobilizazio handi bat egiteko asmoa dute, Udala atzera egitera behartzen saiatzeko. “Getxon jende gutxi dago hemen aparkalekua egitearen alde”, dioskue.
“Proiektu faraonikoa da, eta lehen pausoa da Andra Mariko alde hau, udalerrian geratzen den azken gune berdea, urbanizatzeko”, salatzen dute, “bestela ez dauka zentzurik hain biztanle gutxiko inguru honetan metro geltoki bat [2011tik amaituta dago Ibarbengoako geltokia baina ez da sekula erabili] eta aparkaleku erraldoi bat jartzeak”.
Kanpaldian batez beste hamabost lagun izan dira egunero, batzuk Gipuzkoatik eta Arabatik etorrita, baina askoz gehiago antolatutako ekimenetan: “Ez gaude bakarrik, elkartasuna sentitzen dugu”.