Auzitegi Nazionalak Marlaska ministroa derrigortu du guardia zibila mailaz igotzera. Kargugabetu egin zuen 2018an, "konfiantza falta" zela eta. Sánchez Corbík errekurtsoa jarri zuen erabakiaren aurka, eta Auzitegi Nazionalak babestu egin du. Kepa Urra etakidea torturatzeagatik 12 urteko espetxe zigorrera kondenatu zuten 1997an, baina Aznarren gobernuak indultua eman zion.
Manuel Sánchez Corbí, beste bi guardia zibilekin batera Kepa Urra etakidea torturatu zuena, mailaz igo du Espainiako Gobernuko Barne Ministroak.
Marlaskak kargugabetu egin zuen 2018an. Izan ere, garai hartan Sánchez Corbí Guardia Zibileko Unitate Zentral Operatiboko burua zen (polizia judizial gisa jokatzen duen Guardia Zibilaren organoa), eta esan zuen unitate horretara bideratutako dirua izoztuta gelditu zela Pedro Sánchez Gobernura iritsi zenean. Marlaskak filtrazioa ez zuen begi onez ikusi, eta guardia zibila kargugabetu egin zuen, berarengan “konfiantza galdu” zuela argudiatuta.
Sánchez Corbík erabaki horren aurkako helegitea jarri zuen Auzitegi Gorenean, baina ez zuen babesik lortu. Auzitegi Nazionalak, ordea, aurtengo maiatzean epaia atera du, esanez Barne Ministerioaren ebazpena ez dagoela "zuzenbidean oinarrituta". Horrez gain, Marlaska derrigortu du koronelari Guardia Zibilaren merezimenduaren ordenako Zilarrezko Gurutzea ematera; orain arte Gurutze Zuria zeukan, maila bat baxuagokoa.
Torturatuak indultatuta
Sánchez Corbí eta beste bi guardia zibil Kepa Urra torturatzeagatik hamabi urte eta sei hilabeteko kartzela zigorrera kondenatu zituzten 1997an, baina José María Aznarrek 1999an indultatu egin zituen hirurak.
Xabier Makazagak Manual del Torturador español liburuan Corbíri buruz honakoa idatzi zuen: “Tenientea zen Kepa Urra torturatu zuenean, torturen epaiaren bitartean kapitain izendatu zuten eta indultua eman ziotenean komandante postura goratu zuten”. Gerora, koronel izendatu zuten eta 2015ean UCOko buruzagi.