Torturaren Prebentziorako Koordinakundearen bozeramailea den Jorge Del Cura elkarrizketatu du La Directako Gemma Garcia kazetariak. Fundazioak hamar urte bete ditu.
Euskal Herriaz galdetzean, euskal polizia etxeetan torturak sistematikoak izan direla dio koordinakundearen bozeramaileak. “Planeta guztirako torturen laborategia izan da Euskal Herria, ez soilik Espainiako Estatuarentzako”. Estatu demokratikoek tortura teknikarik landuenak dituztela argudiatzen du elkarrizketan, Frantziak ere naziengandik ikasitako teknikak erabili izan dituela azalduz.
Espainiako Estatuan torturei zilegitasuna eman izan zaiela ere berresten du Del Curak, praktika horren bidez kalte larriagoak saihesten direla sinestaraziz. Elkarrizketan dioenez, espainiarren %18 eta %30 bitarte dago terrorismo kasuetan torturaren alde inkesta batzuen arabera.
Torturatuen ehuneko handi bat ez omen da torturak jasan izanaren jakitun. Hori azaltzen du Del Curak min fisikoaz haratago dauden torturez hitz egitean. “Sarritan, tortura jasan izanaz ohartzen gara norbaiti azazkalak atera edo bainuontziarena egiten diotenean. Baina batzuetan, egurtu gabe, bortizki mindu daiteke”.
Milaka torturatu hamarkada batean
Poliziaren tratu txarrengatik eta torturengatik 6.621 salaketa bildu ditu Torturaren Prebentziorako Koordinakundeak azken hamar urteetan Espainiako Estatuan. Justiziak, ordea, 752 kasu baino ez ditu kondenatu denbora tarte horretan.
Hego Euskal Herrian, 504 atxiloketa inkomunikatu egin dira 2004. urtetik hona eta atxiloketa horietan, torturengatik aurkeztu diren salaketa kopurua 340koa da. Horrenbestez, atxiloketa inkomunikatua izan dutenen %67k salatu ditu torturak Hego Euskal Herrian.