Arafat Jaradat izeneko 30 urteko palestinarra hil da Israelen eskuetan zegoela. Autopsia egin diotenean, Maan agentziak zabaldu duenez, sei hezur zituen hautsita: lepoan, bizkarrean, besoetan eta hanketako batean. Tortura basatien ondorioz hil da Jaradat.
Israelgo Kartzela Zerbitzuek heriotza baieztatu dutenean, France Presse agentziari adierazi diote “ziurrenik bihotzekoak eman” diola.
Jaradat joan den ostegunean atxilotu zuten, otsailaren 18an, harriak jaurtitzen aritu zela leporatuta. Larunbatean hil zen. Bi haur dauzka eta emaztea hirugarrenaren zain dago.
Palestinako presoek egun bateko gose greba egingo dute gaur, Maan agentziak jakinarazi duenez. Protestak deitu dituzte heriotza salatzeko eta albistea jakin zenetik, istiluak izan dira Israelgo polizia eta manifestari palestinarren artean. Hiletan milaka pertsona bildu dira eta martiri bat bezala agurtu dute, ondorengo bideoan ikus daitekeenez.
4.500 preso palestinar Israelen
B’Tselem elkartearen arabera, 4.5000 preso palestinar daude Israelgo kartzeletan, horietatik 178 epaiketarik gabe. NBEk kalkulatu du 1967an Israelen okupazioa hasi zenetik, 700.000 palestinar inguru izan direla Israelen preso.
[Artikulu hau Lander Arbelaitzen Taupadak blogetik hartu da. Estaturik gabeko nazioei buruzko berri gehiago topatuko duzu bertan].