argia.eus
INPRIMATU
Torturaren Aurkako Eguna
Torturatuek aitortza eta erreparaziorako “ekimen irmoak” eskatu dizkiete instituzioei
  • Poliziaren eskutik tortura jasan duten laurehun euskal herritar baino gehiagok Intxaurrondon ohartarazi dute “inpunitatez aritutako erantzule ugari eta isiltasun gehiegi” dagoela oraindik ere. Egiari Zor Fundazioaren agerraldian exijitu dute torturaren “dimentsio osoa” argitara ateratzeko.

Leire Artola Arin 2023ko otsailaren 13a
Laurehundik gora torturatuk eskatu dute aitortza eta erreparaziorako bidea egiteko. / Argazkia: Ander Iriarte.

Torturaren Aurkako Egunaren testuinguruan, Intxaurrondon bildu dira laurehundik gora herritar, larunbatean, Egiari Zor Fundazioak deituta. “Euskal Herriko historia hurbileko hainbat unetan tortura geure azalean jasan dugunon testigantza bizia gara”, azaldu dute, karpeta urdinak eskuetan.

Torturatuen aitortza eta erreparaziorako “hutsune nabariak” daudela jakinarazi dute, eta eskatu diete Nafarroako eta EAEko gobernu arduradunei torturaren errealitatea itzaletik argira atera dadin pausoak emateko. “Torturatuen aitortza eta erreparazio sozial, politiko eta instituzionalaren bidean sakontzeko konpromiso eta ekimen irmoak eskatzen ditugu”, zehaztu dute.

Kriminologiaren Euskal Institutuak aurkeztutako txostenei egin diete erreferentzia, eta gogorarazi dute 1960tik gutxienez 4.311 tortura kasu izan direla Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta beste 1.068 Nafarroan; guztira, gutxienez 5.379. “Kopuru izugarriaz mintzo gara, gurea bezalako herri txiki batentzat, eta horrek euskal herrian modu masibo eta sistematikoan torturatu dutela adierazten du”.

Inpunitatea eta isiltasuna

Azpimarratu dute torturaren ondorio sakonagoak argitzeke daudela eta inpunitatea nagusi dela: “Espainiako Estatuak Guardia Zibila, Polizia Nazionala eta Ertzaintza erabili ditu Euskal Herrian militante politikoak torturatzeko hainbat testuinguru politikotan, eta horrek guztiak erantzuleak ditu, inpunitatez aritutako erantzule ugari eta isiltasun gehiegi oraindik ere”. Salatu dute EAEko torturatuen txostena “kaxoi batean” geratu dela garatu gabe, “ikusezin”, eta Nafarroako txostenari ere “oztopo ugari” jarri dizkiotela publiko egiteko.

Ahotsa.infok bideo honetan bildu du Intxaurrondoko agerraldia:

Karpeta urdinak, tortura azaleratzeko

Egitasmo politiko baten berri ere eman dute: otsailaren 13tik aurrera Karpeta Urdinak dokumentala emango dute hainbat herritan, torturaren errealitatea gizarteratzeko tresna egokia dela iritzita. Karpetaurdinak.eus webgunea ere martxan jarri dute.

Irakurri hemen Karpeta Urdinak dokumentaleko zuzendari Ander Iriarteri egindako elkarrizketa: "Jaurlaritzak baditu 300 arrazoi torturaren gaiarekin jarraitzeko: Ertzaintzaren 300 tortura kasuak"

Torturaren gaia sakonago landu du Xabier Letonak erreportaje honetan: Egia, aitortza eta erreparazioan jarraitzea eskatzen dute torturatuek