Torturatuaren bakardadea


2024ko ekainaren 28an - 08:09

Publikoki tortura aipatzen denean, konturatzen gara noraino barneratzen duen gizarteak gai honi buruz “sistemak” berak abian jartzen duen iritzia. Horretarako erabiltzen ditu esperientzia handiko ministro zein sailburu, epaile eta “aditu” sorta, denak hedabide organikoen laguntzaz, noski. Eta esan beharra dago: lortzen dute bere helburua. Demokrazia espainiarrean ez dago torturarik, ez da torturatzen. Hori da emaitza. Arrazoia axiomatikoa da, eta ikara emateko modukoa: “Espainian eta Euskal Herrian ez dago torturarik, ezin direlako frogatu”.

Demokrazia xelebre honetan gauza harrigarri asko ikusi arren, bai Madrilen, bai Iruñean eta Gasteizen, asko ditugu oraindik ikusteko.

Frankismoaren garaian ere torturak eta hilketak ez zeuden frogatzerik. Orduan ez, baina orain bai, “betiko” demokrata batzuk –ez denak– deitoratzen hasi berriak dira, baina beste asko ez. Atzera begiratuz, demokrazia arriskuan jartzen dutela leporatuz.

Ez gara gu bakarrak horrelako arazoetan murgildurik bizi garenak. “Irabazleen” arraza politiko unibertsala da eta beraien hastapen ideologikoak horrelako emaitzak dauzka. Hitlerren garaiko kontzentrazio eremuetan ere, gas kamerak, esterilizazioak, etab. ez zeuden frogatzerik. Komisio “neutral” bat ibili zen Alemanian, ikerketa egiten, suediar batek zuzenduta. Ez zuen ezer aurkitu. Horregatik, Goebbels-ek lasai arraio zioen Hirugarren Reich-a kaltetzeko kalumniak zirela akusazio haiek.

Baina halako batean, 1945. urtean, Armada Sobietarrak, ez omen zen eta frogatzerik ez zegoen errealitate haiek, ez zeudenak, aurkitu zituzten. Eta jakina, orduan bai, bazeuden.

Duela gutxi jakinarazi zigutenez, Poliziak “bere kabuz” lortutako aitorpenak baliogabetuko dituzte. Bale, eman dezagun hitza beteko dutela, baina atxilotuen bakartzeari buruz ez dute aipamenik egin

Antzeko zerbait gertatuko da urte gutxi barru, hemen Euskal Herrian. Orduan jakingo dugu gaur ezinezkoa dena; zergatik gure Herri txiki honetan, hainbeste eta hainbeste ETAkoak garen, eta Espainian, aldiz, GALekoak, bat bakarrik ere ez.

Felipe Gonzalezen PSOEk ez zuen jakin GALeko kideengandik aldentzen, eta orain ezkutuko biolentziatik aldendu beharrean, sortzen dituen baliabide politikoei heltzen die PPk. Jakina da, tranpa egiten ohituta daude.

Galdera garbia da, agian Goebbels jaunak, Hitler eta Francok bezala, ez zekien ezer? Gauza bera gertatu da F. González eta beste presidente guztiekin; inork ez daki ezer.

Hamarkada batzuk geroago, telebistaren aurrean eseri eta denok “Holocaust” ikusi genuen. Frogatzerik ez zegoena. Inbestigazioak ikusi ez zuena. Hirugarren Reich-a kaltetzeko asmatu zen kalumnia, alegia.

Estatu espainiarrean, sobietar armada “oraindik” sartu ez denez, beste bide batzuk jorratu beharko ditugu, sistemak hain ongi babesten duen izurria deuseztatzeko. Baina bitartean, demokrazia espainiarrak bereari eutsiko dio, tortura, sistemaren ezkutuko zaindari madarikatua elikatzen. Hauek dira, besteak beste, Frankismoaren haustura baztertu izanaren ondorioak.

Ustez denok dakigu, duguna erreformatzen dugunean, hura mantentzeko asmoekin egiten dugula. Horregatik demokrazia espainiarrean, –Frankismoaren antzera–, torturatuari torturak frogatzea ezintzen dion legea, alderdi politiko “demokratikoen” bedeinkazio guztiekin emandakoa da. Nire ustez, torturarik ez balego ere, berez, eta besterik gabe, giza eskubideen deuseztatze nazkagarri bezain ankerra. Estatu demokratikoen edo faxistan, berdin da.

Ez da hiritarra –tarteka bozka eskatzen zaion hori– torturari ateak itxi behar dizkiona eta torturarik egon ez dadin saiatu behar duena. Estatuaren lana da hori. Espetxeak eta tortura baitira demokraziaren “termometroa”. Legearen jiteak legegilearen eitea erakusten duen bezala, agerian uzten du estatuaren benetako natura.

Demokraziaren oinarria giza eskubideak eta elkarrizketa baldin badira, ordea, legeek elkarrizketatik eta giza eskubideetatik at uzten dute presoa, torturatua. Beraz, demokraziatik kanpora, estatutik kanpora.

Horrela, pertsona ez dena, ez da pertsona. Pertsona “gizagabetu” lezakeen estatua ez da gizatasunaren estatua. Beraz, zein demokrazia edo zein estatu da, presoek, torturatuak, eta haren sufrikarioekin bat egiten dutenak, terrorismoaren erasotik defenditu behar omen dutena? Zertarako defenditu, defenditzen ez gaituen demokrazia?

Espetxean, kanpokoen solidaritatea da hezur hautsiak eta haragi mailatuak poliki-poliki sendatzen dituena. Baina beste aldetik, beti garden, justu eta “baketsu” agertzen den zinismo hori da, presoaren gau hotzetan ezintasunezko negarra eragiten duena. Amorrazioa eta etsipenaren iturri mikatza. Arima txikitzen duena. Eta azkenik, biolentzia sortzaile. Bai jauna, biolentzia sortzaile.

Bizitza espetxean luzea da. Torturatua, azkenean, torturatu zutenak berak baino gehiago, bere ezintasunean, lagundu behar lioketen, baina gutxietsi egiten dutenak, gorrotatzera iritsiko da. “Betiko demokratak” eta betiko demokraten demokrazia.

Alderdi politiko eta hitzarmenen demokrazia. Hauteskunde eta Legebiltzarraren demokrazia. Hainbeste urtez, boterearen gailurrean zigorgabetasun osoz, demokrazia usteltzen dabiltzan demokratak.

Atzoko torturatuaren kontura, gaur auhenka eginez, berak martiri irudietan agertzea lortu dutenak. Bere torturaren frogak eskatuz datozkionak, frogarik egotea berek egotzi eta gero.

Nik orain arte esandakoak ukaezinak badira ere, norbaitzuk diotenez, beste zerbaiten aurrean egon gintezke. Duela gutxi jakinarazi zigutenez, Poliziak “bere kabuz” lortutako aitorpenak baliogabetuko dituzte. Bale, eman dezagun hitza beteko dutela, baina atxilotuen bakartzeari buruz ez dute aipamenik egin. Beraz, mota ezberdineko torturaren derrigorrezko babesa mantentzen dute; atxilotuen bakartzea.

Nire ustez, XXI. mendean, bere sistemari eusteko, torturatzaileak behar dituen estatuak ez luke tokirik behar Europa barruan.

 

Zertarako atxilotuen bakardadea?

Josu Iraeta, idazlea

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Irakurleen gutunak
Eguzkiak etxebizitza erre du

Turistek neurrigabeko prezioak dituzten apartamentu eta hotelak bete dituzte. Eta zu gurasoen etxean, etsita, konpainia handiek eta espekulatzaileek alokairua puzten duten bitartean.


2024-06-27 | Jauzi Ekosoziala
Zenbat dira gehiegi eta nahikoa?

Zeintzuk dira gure benetako beharrizanak ondo bizitzeko? Zer da ondo bizitzea? Galdera hauei erantzutea funtsezkoa da gehiegikeriaren gizartean, are gehiago larrialdi klimatiko, ekologiko eta zibilizazio krisiaren garaiotan.


Eguneraketa berriak daude