argia.eus
INPRIMATU
Torturatuak izan ziren emakumeen testigantzek dardarka jarri dute Nafarroako Legebiltzarra
  • Torturak pairatu zituzten bost emakumek euren testigantzak kontatu dituzte asteazkenean Nafarroako Legebiltzarrean. Bost hamarkada ezberdinetan torturatu zituzten, baina antzeko testigantzak kontatu dituzte. Bertaratutakoek isilik eta hunkituta entzun dituzte lekukotasunak. Besarkada eta babes keinuen bitartez lagundu diote elkarri bost hizlariek.

Ane Eslava Serrano @eslavaane 2017ko apirilaren 06a
Torturak jasandako emakumeak, mintzaldiaren moderatzaileak eta Ainhoa Aznarez Nafarroako Legebiltzarreko presidentea (Arg.: Javier Bergasa)

“Barkamenak ez dit balio, mina eginda dago jada. Ez da soilik Guantanamon gertatzen. Estatuaren babesarekin, Euskal Herriko eta Espainiako espetxeetan ere eman da”, adierazi dute. Aitortza eskatu dute torturaren biktima bezala, baita bizirik ateratzeagatik ere.

Gloria Bosque bi aldiz atxilotu zuten, 1973an eta 1975ean.“Modu basatian torturatu ninduten, biluzten ninduten eta torturatzaileen aurrean ibiltzera behartu”, kontatu du nekez, “herio mehatxuak etengabeak ziren”. Franco hil zen egunean pinudi batera eraman, biluztu, jipoitu eta metrailetekin mehatxatu zutela gogoratu du. “Arrazoia galduko duela uste nuen”, adierazi du, “zure giza duintasuna iraindu egiten dute”. 40 urte igaro dira bizipen horietatik, baina malkoei ezin izan die eutsi Bosquek. Kontakizuna amaitzean Mertxe Gonzalezek besarkatu du.

Gonzalez 1983an atxilotu zuten eta 9 hilabete igaro zituen espetxean. Polizia batek, pistola eskuan zuela esan zion atentatu batean hildako guardia zibil baten anaia zela eta tiro egingo ziola: “Beldurrez pixa egin nuen eta hilerokoa jaitsi zitzaidan. Ez zidaten aldatzen utzi, biluztera eta tanpaxa ahoan jartzera behartu ninduten”. Makil batekin bortxatzeko mehatxua ere egin zioten. Horren ostean bi aldiz epaitu zuten eta libre geratu zen. Lanean ez zuten berriro onartu, “han ez zutelako tokirik terroristentzat”.

Marilo Gorostiaga 1994an atxilotu zuten. Egun batean poliziek kable batzuk aske zituen entxufe bat erakutsi zioten. “Ikusten duzu? Hemen jarri genuen Gurutze”, esan zioten, 1993ko irailean Guardia Zibilaren ziegetan hil zen Gurutze Iantziri erreferentzia eginez. Mehatxuak jasotzen zituen behin eta berriz: “Guri berdin zaigu egin duzun edo ez, espetxea irentsiko duzu, azkar gainera, Eguberriak datoz eta etxera joan nahi dugu”. Bere kasuan, medikuak torturak salatu zituen baina epaitegietan deklaratzera joaterakoan bertsioa aldatu zuen: “Ahaztu egin zitzaion salatutakoa”.

Ainara Gorostiaga 2002an atxilotu zuten eta bederatzi egun igaro zituen inkomunikatuta. Sexu erasoak jasan zituen: “Lau hanketan jarri eta makila ipurditik sartuko zidatela esaten zidaten. Guardia Zibil baten semea edukiko nuela esan zidaten”. Elektrodoekin eta poltsarekin ere torturatu zuten eta ama atxilotu zutela esan zioten. Pistola bat jarri zioten eskutan eta esan zioten Leitzako UPNko zinegotzia hil zuena zela. Azaldu duenez, egun beldur dio iluntasunari, indarkeria keinu minimoenaren aurrean arnasestuka jartzen da, ez da lau hanketan jartzen eta ez du gustuko alabak plastikoekin jolastea.

Izaskun Goñi 2010ean atxilotu zuten, 23 urterekin. 2008ko azaroan hasi ziren atxiloketak Iruñean eta bere bila etortzeko zain egon zen bi urtez, lo egin ezinik. 2010ean etxe azpian autoen ateak ixten eta eskaileran gora soinuak entzun zituenean ezin izan zion izuari eutsi, bost egun igaro zituen dardarka. “Gela horretan ikasten duzu edozer egiteko gai direla”.

Asteazkeneko saioa Bake Prozesua Indartzeko Foro Sozialak antolatu du. "Hitzorduak" egitasmoaren bigarren saioa izan da Nafarroan eta Legebiltzarrean egin izanak esangura berezia du. Aurreko saioan, indarkeria-mota ugari sufritu dituzten pertsonak izan ziren protagonista eta antolatzaileen esanetan "mugarri bat jarri zuen Nafarroan elkarbizitza integratzailea eraikitzeko bidean".