argia.eus
INPRIMATU
ANALISIA |
Torturatuak: ausart edo aske?
Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2024ko urriaren 14a

“Gaur eguerdiko albistegian, zuen hiriburuko alkatea ikusiko duzue, torturatu gintuen gorputz militarrari hiriko plaza nagusia eskaintzen. Gaur eguerdiko albistegian, gure lagun eta senideak hil zituen egitura ikusiko duzue gure kaleetan desfilatzen. Eta guk, beste egun batez, ahal dugun moduan irentsi beharko ditugu haiek eragin zizkiguten mina eta beldurra. Eta errua. Eta lotsa. Eta umiliazioa”.

Guardia Zibilak torturatu zuen Amaia Urizarren hitzak dira, Memoria Osoa plataformak Guardia Zibilak urriaren 12an Gasteizko erdigunean antolatutako ospakizun militarra salatzeko ekitaldian esanak. Min, beldur eta erruduntasun horiek ez dira Urizarren sentimendu pertsonalak, ez iraganeko kontua.

Iragan astean elkarrizketa egin nion Guardia Zibilak torturatu zuen gasteiztar bati, institutu militarrak gaur egingo zuen ekitaldiaz zuen sentipena ezagutzeko. Haserrea, mina, inpotentzia adierazi zizkidan. “Urriaren 12an Gasteizen egingo dutena terrorismoaren apologia da. Nik ez baitut zalantzan jartzen ETAk jendartearen zati bati terrorea sortu dionik, baina beste zati handi bati terrorea sortu digutenak Guardia Zibila, Espainiako Polizia, Ertzaintza, epaileak edo espetxeetako funtzionarioak izan dira”. Bi egun geroago, dena prest, elkarrizketa ez argitaratzea erabaki genuen. “Hori da sentitzen dudana eta hori esateko eskubidea dut, baina ez naiz gai sentitzen hori sustengatzeko”, azaldu zidan. Beldur ematen zion berriz ere publikoki agertzeak, beldur Guardia Zibilak. Aste osoa eman du ondoezik.

“Hori da sentitzen dudana eta hori esateko eskubidea dut, baina ez naiz gai sentitzen hori sustengatzeko”, azaldu zidan. Beldur ematen zion berriz ere publikoki agertzeak, beldur Guardia Zibilak

Duela hiru urte, beste lagun torturatu bati eskatu nion elkarrizketa, atxilotu zutenetik 20 urte bete zirela-eta. Zalantzan egon zen hilabete pare batez, ez-baian sufritzen, nik elkarrizketa ahazteko errepikatu arren, ezezkoa eman zidan arte. Berriz ere Guardia Zibilari beldurra tartean. Torturatu gisa azaltzeko eta horri lotutako sentimenduak adierazteko beldur.

Beren beldurra ez zen soilik Guardia Zibilak iraganean egindakoengatik, baizik eta gaur egun, 2024an, ETA desagertu zenetik hamahiru urtera, egin lezakeenarengatik.

Sufrimendu gehigarri are bidegabeago bat erantsi behar zaio beldurrari: biek sentitzen zuten lekukotasuna eman beharra-ren zama, berriz ere, enegarren aldiz, 20 urteren ondoren, eta testigantza ez emateak erruduntasuna zekarkien. Ez lukete ziurrenik behar eta zama berdina sentituko torturarena egia ofizialki aitortua balitz. Baina memoria osoak borroka esparru izaten jarraitzen du.

Larunbatean Gasteizen urratsak eman ziren aitortzaren eta ez errepikatzeko bermeen bidean. Atzera urratsa Plaza Berrian. Aurrera urratsa Artiumen. Gatazkak dirauen bitartean, torturatuei eta oro har estatu indarkeriaren biktimei ezer eskatzea beti izango da injustua. Kasurako, elkarrizketa eskatze hutsa samin iturburu izan daiteke. Eta hala ere jarraitzen dute saretzen, salatzen, lekukotasuna ematen, indibidualki eta kolektiboki. Baloratu dezagun ausardia eta ahalegin mingarri hori bere neurrian, ez dezagun normaldu, helburua, beste arlo batzuetan bezala hemen ere, aske izatea baita, ez ausart.