argia.eus
INPRIMATU
Torturatua izan arren, Frantziak Iratxe Sorzabal Espainiara bidaliko du
  • Iratxe Sorzabal euskal presoaren auzia kontu berria edo ezezaguna da orainokoan, hala adierazi du Giza Eskubideen aldeko Ligak (Ligue des droits de l'homme). Bake Bideak ere sendo salatu du Paisko Dei Auzitegiak onartu izana.

Mikel Asurmendi @masurmendi 2019ko urriaren 31

Parisko Dei Auzitegiak onartu du Espainiako Auzitegi Nazionalak euroagindu eskaera, hirugarrenez eskatu ostean. Presoaren defentsa abokatu Xantiana Cachenautek erran duenez, Sorzabal Guardia Zibilak 2001ean atxilotua torturapean egindako adierazpenetan oinarritzen da Auzitegi Nazionala.

Iratxe Sorzabal 2015ean atxilotua izan zen. Espainiako auzitegiek presoari egotzitako salaketak –ETAk 1995ean Alacanten (Herrialde Katalanak) egindako atentatua–  frogatzeko prozedura martxan jartzeko eskatu zion Cachenaut abokatuak Frantziako instrukzio epaileari.

Kari hartara, Istanbulgo protokoloa deitu prozedura ireki zioten presoari, eta azterketa medikoa egin zioten Fresnesko presondegian: “Sendagilearen iritziz, Sorzabalen tortura salaketak sinesgarritasun osoa du; estres post-traumatikoa diagnostikatu zion”, erran du Xantiana Cachenaut abokatuak.

Abokatuaren iritziz, aukera gutxi dago euroagindu bat bertan behera uzteko.  Alta bada, 2016tik Europako Batasuneko Luxenburgoko auzitegiak kasu batzuk zabaldu ditu, baita jurisprudentziak sortu ere. Hala balitz, hauxe frogatu beharko lukete presoaren defentsa abokatuek: euroagindua torturapean egindako  adierazpenetan oinarritua dela. Horixe litzateke eskaera ukatzeko arrazoia.