argia.eus
INPRIMATU
Torturatu oro gonbidatu dute Euskal Herriko Torturatuen Sarean parte hartzera
  • “Ahots propioa duen sare bezala” gorpuztuta, eta torturatuen aitortza eta erreparazio publiko, sozial eta ofiziala helburu, otsailaren 15ean eratu eta aurkeztuko du bere burua Euskal Herriko Torturatuen Sareak. Tortura jasan duten 700 pertsona baino gehiagorekin elkartu dira dagoeneko, eta torturatu guztiak batzeko deia egin dute.

ARGIA @argia 2025eko urtarrilaren 15
Talde sustatzailea. Euskal Herriko Torturatuen Sarea

Donostiako Kursaalean, 09:30ean egingo dute nazio batzar eratzailea, otsailaren 15ean. Behin baino gehiagotan errepikatu dute mezua: torturatu oro bertaratzea nahi dute, “Euskal Herrian torturak jasandako inor prozesu honetatik kanpo gera ez dadin”. Modu ofizialean, egun horretan aurkeztuko da sarea.

Nafarroako Torturatuen Sarea ipar hartuta, Euskal Herri osokoak 2024ko ekainean iragarri zuen albistea: Euskal Herriko torturatuak saretzen hasteko auzolan erraldoia hasiko zuten, eta hala, hogei batzarretik gora egin dituzte orain arte, 700 torturatu baino gehiagorekin elkartu dira horietan.

“Garaia da herri honen kontra tortura modu sistematikoak erabili izan dela aitortzeko”, adierazi dute. Jendarteari eta hurrengo belaunaldiei “zor zaie gertatu dena argitzea, hori baita tortura desagerrarazteko modurik eraginkorrena. Guk pairatu genuena beste inork inoiz jasan ez dezan”.

Torturatuen zauriek bizirik dirautela-eta, elkar zaintzeari garrantzi berezia emango diote, azpimarratu dutenez: “Elkar-zaintzarako mekanismorik eraginkorrenak zeintzuk diren elkarren artean sortu eta eraiki beharko ditugu”, sufrimendua “elkartasun sare” eta “indar askatzaile” bilakatzeko.

“Frankismoaren garai ilunenetik hasita, eta kasik gaurdaino, milaka euskal herritarroi tortura sistematikoki jasanarazi eta aplikatu digute hainbat Polizia gorputzek, euskal gatazkaren testuinguruan. Metodo krudel eta lazgarria, sei hamarkada luzez erabat operatibo egon dena sistema oso baten babespean. Milaka kasu, zenbaki, bizitza eta bizipen”. Horiei guztiei ahotsa eman nahi die sareak.

Euskal Herriko Torturatuen Sarea, talde sustatzailea. Euskal Herriko Torturatuen Sarea