argia.eus
INPRIMATU
Torturatu eta hil zituztenetik 40 urtera, Zabala eta Lasa ez dituzte oraindik terrorismoaren biktimatzat hartu
  • Datorren igandean, urriaren 15ean, beteko dira 40 urte GALek Joxean Lasa eta Joxi Zabala Baionan bahitu zituela. Guardia zibilek torturatu eta hil ondoren, oraindik ez dituzte terrorismoaren biktimatzat hartu.

Xabier Letona Biteri @xletona 2023ko urriaren 13a
Urriaren 7an Busoten egindako ekitaldia. (Argarzkia: @EgiariZor)

Desagertu zirenetik 40 urtera, bi gazteen familiek eta Egiari Zor fundazioak salatu dute oraindik ez dituztela terrorismoaren biktimatzat hartu, eta torturatuak izan zirela aitortu ere ez. Joxi Zabala eta Joxean Lasa Baionan bahitu zituen Guardia Zibileko talde batek eta Donostiako La Cumbre jauregira eraman, non torturatu egin zituzten. Handik Alacantera eraman zituzten eta bertan tiroz hil eta lurperatu.

GALek hartu zuen bere gain bahiketa eta hilketa, baina gerora epaiketan argitu zenez, orduan Guardia Zibileko Intxaurrondoko kuarteleko buru zen Enrique Rodríguez Galindoren agindupeko guardia zibil taldeak egin zuen operazio guztia. Operazio osoa zuzentzen aritu zen, halaber, Julen Elgorriaga garai hartan Gipuzkoako Gobernadore Zibila (PSOE).

Lasa eta Zabalaren gorpuak 1985eko urtarrilaren 25ean agertu ziren Alacanteko Busot udalerriko eremu menditsu batean, lurrez eta karez lurperatuak. Ehiztari batek aurkitu zituen gorpuak, Guardia Zibilari horren berri eman, baina ez zituzten identifikatu eta Alacanteko gorputegian utzi zituzten.

Azkenean 1995eko udaberrian identifikatu zituzten. Alacanteko polizia judizialeko Jesús García poliziak susmoa hartu zien gorputegiko bi gorpu haiei, eta Paco Etxeberria auzi-mediku ezagunarekin jarri zen kontaktuan. ADN frogak egin ondoren Tolosako bi gazteak zirela baietsi zuten.

Gorpuak nola zeuden ikusita, Etxebarriak adierazi zuen bere ustez bi gazteak torturaldi oso odoltsua jasan zutela, oso gaizki utzi zituztela eta seguruenik horregatik erabaki zutela hiltzea, oso zauri larriak zituztelako.

Senideek terrorismoaren biktimatzat hartzeko eskariei muzin egin diete orain arte, argudiatuz bi tolosarrak etakideak zirela. Joxiren arreba Pili Zabalak sarri gogoratu duen gisan, aldiz, gazteak ez zituzten epaitu eta orduan judizialki bederen ezin dira etakidetzat hartu.  

Zigorrak eta inpunitatea

Gertakari horiengatik, 2000. urteko apirilean Espainiako Auzitegi Nazionalak 71 urteko espetxe zigorra ezarri zion Julen Elgorriaga gobernadore zibil ohiari. 69 urtekoa jarri zien ordurako jada Guardia Zibileko jenerala zen Enrique Rodríguez Galindo eta Angel Vaquero teniente koronelari. Enrique Dorado eta Felipe Bayo guardia zibilei 67 urteko zigorra ezarri zieten.

Elgorriaga ez zen urtebete egon kartzelan, eta Rodríguez Galindok ez zituen bost urte egin espetxean. Bayok eta Doradok 2002rako jada espetxetik ateratzeko baimen ugari izan zituzten eta ez zuten zigor osoa bete.

40. urteurrenaren harira, Egiari Zor-ek gertatutako guztia oroitzeko urriaren 20an ekitaldia deitu du Tolosako Topic Aretoan, 19:30etan. Joan den urriaren 7an, halaber, aipatu elkarte hori eta bi gazteen sendiak Alacanteko Busonen oroitu zituzten, ehortzita agertu ziren lekuan.