argia.eus
INPRIMATU
Torturaren “dimentsio guztiak” ikertzeko eskatu diete hainbat torturatuk instituzioei
  • Torturak pairatutako hamarnaka lagunek agerraldia egin dute Bilbon, instituzioei eskatzeko “torturaren ondorioen inguruko ikerketa sakon bat, dimentsio guztietan”. Manifestazioa egingo dute larunbatean Bilbon, “aitortza, erreparazioa eta errepikapen ezaren bermea” eskatzeko.

Ane Eslava Serrano @eslavaane 2017ko martxoaren 06a
Ixone Fernandez, ekitaldian (Arg.:Aritz Loiola/ARGAZKI PRESS)

Egiari Zor Fundazioa izan da deitzailea. Hainbat belaunalditan eta polizia ezberdinen eskutik torturak jasandako hainbat lagunek eskatu dute “gizateriaren drama honen ikerketa sakon global bat, gehiago itxaron gabe”. Gogorarazi dute torturapeko erruztatzeak (norbere buruarenak nahiz besteenak) froga bakartzat hartu izan direla biktimak zigortzeko.

“Tortura nazioarteko zuzenbidean krimentzat jotzen da eta guztiz debekatuta dago”, gogorarazi dute, “baina hemen, memoria daukagunetik torturatu da”. Istanbulgo protokoloaren garrantzia azpimarratu dute. Tortura eta honen ondorioak dokumentatzeko Nazio Batuen Erakundeak kaleratutako ikerketa eskuliburua da. Adituen azterketak jasotzeko prest agertu dira torturatuak.  

Martxoaren 14an lau guardia zibilen aurkako epaiketa hasiko dela gogorarazi dute, Sandra Barrenetxea torturatzea egotzita.