argia.eus
INPRIMATU
Torturaren beste bost biktima aitortu ditu Nafarroako Gobernuak
  • Oraingoz Nafarroan, 53 izango dira estatuaren biktima aitortuak eta horietatik 27 torturaren biktimak. Floren Beraza, Txaro Buñuel, Cecilio Ruiz, Patricia Perales eta Izaskun Juarez dira aitortutako torturatu berriak.

Unai Lomana Uribezubia 2025eko martxoaren 17a
Nafarroako Torturatuen Sareak mobilizazio jendetsuak egin ditu. Ekinklik

Nafarroako Gobernuak motibazio politikoko biktima gisa aitortu ditu Floren Beraza, Txaro Buñuel, Cecilio Ruiz, Patricia Perales eta Izaskun Juarez; Egiari Zor Fundazioak eta Nafarroako Torturatuen Sareak ezagutarazi dutenez. Horien artetik lauk Espainiako Poliziaren torturak jasan zituzten eta bik Guardia Zibilarenak. Egiari Zor-ek eta Torturatuen Sareak begi onez ikusi dute aitortza, "aurrerapausoak direlako hainbestetan ukatutako errealitate baten egiaranzko bidean", Berriak jaso duenez.

Bost horien artean, Floren Berazak bi indar polizialen aldetik jasan zituen torturak. 1981ean izan ziren bi kasuak. Lehenengo Espainiako Poliziak atxilotu zuen. Aske utzi zuten eta hamar egunera Guardia Zibilak atxilotu ets torturatu zuen. Bi kasuetan, aske utzi zuten. 1985ean Txaro Buñuelek kolpeak, irainak eta mehatxuak pairatu behar izan zituen Poliziaren aldetik Tuteran. 1990ean Cecilio Ruiz Tafallan atxilotu ondoren torturatu zuten. Bere testigantzek salatu dute plastikozko poltsa batekin itolarria eragin ziotela, buruan, tripan eta barrabiletan etengabe kolpeak eman zizkiotela eta pistola batekin buruan tiro egiten ari zitzaizkiola simulatu zutela. 

Gainontzeko bi kasuak XXI. mendean izan ziren. Patricia Perales 2005ean atxilotu zuten; inkomunikaturik zegoela, guardia zibilek mehatxatu egin zuten, baita hura beldurtzeko teknikak erabili ere. 2010ean Izaskun Juarezek Poliziaren aldetik kolpeak, irainak eta mehatxuak jasan behar izan zituen. Berriak jaso ditu testigantzak.

Nafarroako Aitortza eta Erreparazio Batzordearen esku daude aitortzak; eskuin muturreko taldeek eta funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko indarkeriaren biktimak aitortzeko 16/2019 foru legea horretarako erabilita. 

Egungo aitortza datuak hauek dira: 53 estatu indarkeriaren biktima dira; horietatik bost hildakoak eta 27 torturen biktimak, azken horien artean bat da torturatzen ari zirela hildakoa. Hala ere, eskaera kopurua nabarmen aldentzen da aitortutako kopurutik. Egiari Zor-en eta Nafarroako Torturatuen Sarearen datuen arabera, 149 kasu aitortu behar lituzke Nafarroako Gobernuak.

Biktimen aitortza eskaera-epea zabalik

Egiari Zor-ek eta Torturatuen Sareak dei egin dute biktimek aitortza eskaerak aurkez ditzaten. Biktimek 2027 arte izango dute eskaera tramitatzeko eta horretarako eragileek haien laguntza eskaini dute. Gainera, aitortzak "erreparazio integrala" jasotzeko bidea zabaltzeaz gain, ez errepikatzeko bermea, gertatutakoa argitzea eta inpunitatearekin amaitzea ekar dezakeela adierazi dute: "Egia osoa jakiteko eskubidea dugu, denbora luzeegian ukatu baitzaigu egia hori estatuaren indarkeriaren biktimei eta, oro har, Nafarroako gizarte osoari", adierazi dute.