argia.eus
INPRIMATU
Torturak salatu dituzte Kurdistango lurrikara eremura laguntzera joan diren bost boluntariok
  • Turkiako Poliziak torturatu dituztela salatu dute, eta ondoren, ondasunak lapurtu eta biluzik utzi dituztela hiriaren kanpoaldean.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2023ko otsailaren 13a
Laguntzera "beste norabait" joateko adierazi zieten argi poliziek. (Argazkia: Mezopotamya News-etik hartua)

Mezopotamya News hedabideak jakitera eman duenez, bost gazte boluntario torturatu egin ditu Turkiako Poliziak gau oso batez, eta kale bazterrean abandonatu gero, soinean zeramatzaten ondasunak lapurtuta. Baimen administratibo guztiak eskuratu zituzten lurrikarak kalteturiko eremura joan aurretik, hala dio salaketak. Porlan eta hondakin artean lanean zebiltzala polizia itxurarik ez zuen jende batek bahitu zituen bost gazteak, eta Polizia etxean amaitu zuten gero.

Boluntario lanak egin eta lurrikarak kalteturiko pertsonak laguntzera "beste norabait" joateko adierazi zieten argi poliziek, salaketaren arabera.