argia.eus
INPRIMATU
Torturak onartzeko eskatu dio Nafarroako Parlamentuak Espainiari
  • Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak hiru puntuko mozio bat onartu zuten atzo Nafarroako Parlamentuan. Lehenengo puntuan Nafarroako Parlamentuak Espainiako Gobernuari eskatu zion torturatu duela onartzeko.

Maddi Txintxurreta @mtxintxurreta 2018ko martxoaren 02a
UPNko IƱaki Iriarte, Geroa Baiko Koldo Martinez eta Nafarroako Gobernuko lehendakari Uxue Barkos (Arg: Berria)

PSNk aldeko botoa eman zuen mozioaren azken puntuan —besteetan abstenitu egin zen—; UPNk eta PPk, berriz, kontra bozkatu zuten.

1960tik 2014ra Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako tortura kasuak ikertzeko laguntza eman zion Nafarroako Gobernuak EHUko Kriminologia Institutuari, eta horren aurka errekurtsoak aurkeztu dituzte PPk eta Espainiako Gobernuak.  Horren harira, “Espainiako Estatuko zenbait arlotatik gisa horretarako gertakariak argitzeari begira jarri diren eragozpenak” salatu dira mozioaren bigarren puntuan.

Hirugarren puntuan “tortura kasu guztiak” argitara ekartzeko konpromisoari heldu dio Nafarroako Gobernuak.

EH Bilduko Bakartxo Ruizek Nafarroako Parlamentuan esan du garaia dela tortura kasuak ikertu eta argitara ateratzeko eta biktimen aitortza eta erreparazioari ekiteko: “Torturaren praktika ezkutatu egin da urtetan, eta oraindik ere hala izatea nahi dute batzuek”.

Asteon, giza eskubide urraketa ororen inguruan “agenda bateratua” sortzeko eskatu die Amnesty Internationaleko Esteban Beltranek eragile politiko guztiei. Bakartxo Ruizen arabera, Amnesty Internationalek ondorioztatu du tortura “arazo estrukturala” dela, eta gogoan izan du otsailaren 13an Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Espainia zigortu zuela Mattin Sarasola eta Igor Porturen aurkako “tratu txarrengatik”.

UPNk mozioaren hirugarren puntuaren alde egin du hasiera batean: “Demokrazia heldu batek ez du beldurrik izan behar bere izenean egindako gehiegikeriak onartzeko. Ez dugu beldurrik egia onartzeari eta horri argia emateari”, esan du Iñaki Iriartek. Alabaina, atzera egin du gero, eta mozioaren puntu guztien aurka bozkatu.