Poliziaren tratu txarrengatik eta torturengatik 6.621 salaketa bildu ditu Torturaren Prebentziorako Koordinakundeak azken hamar urteetan Espainiako Estatuan. Justiziak, ordea, 752 kasu baino ez ditu kondenatu denbora tarte horretan.
Hego Euskal Herrian, 504 atxiloketa inkomunikatu egin dira 2004. urtetik hona eta atxiloketa horietan, torturengatik aurkeztu diren salaketa kopurua 340koa da. Horrenbestez, atxiloketa inkomunikatua izan dutenen %67k salatu ditu torturak Hego Euskal Herrian.
Euskal Herritarren aurka, eraso fisikoak baino gehiago
“Hego Euskal Herriko tortura kasuak oso desberdinak dira Espainiako Estatuko beste kasuekin alderatuz gero”. Hori adierazi dio Pau Perezek, Espainiako Torturaren Prebentziorako Mekanismo Nazionaleko aholkulariak, Publico egunkariari. “Euskal Herrian praktikatzen den tortura entrenatua da, hotza. Atxilotua nahasten, iraintzen eta lotsarazten dute bertan”. Eraso fisikoetatik harago doan jazarpena nabarmendu du Perezek.
Europako Giza Eskubideen Auzitegiak sei aldiz zigortu du Espainia honelako salaketak behar bezala ez ikertzeagatik eta espainiar polizia-etxeetan ere, torturaren presentzia agerikoa dela dio Amnistia Internazional taldeak.
Espainiako Auzitegi Goreneko Joaquin Jimenez epailearen ustetan, terrorismoa leporatzen den kasuetan ere torturak zigorgabeak ez direla erakutsi du Espainiar Justiziak. Beste askoren artean, ordea, auzitan dago oraindik Unai Romanoren kasua. Artxibatu egin zuen Espainiak Romanok atxilo-aldian jasandako torturengatik jarritako salaketa eta orain, Estrasburgon dagoen Europako Giza Eskubideen Auzitegia ari da kasua ikertzen.