Presoak lotuak dituzte etengabe, pixoihalak jantzita eta jipoiak jasotzen. Hamaseko kideak diren susmopean ehunka pertsona bahituak dituzte sionistek, The Guardianen iturrien arabera.
Sde Teiman izeneko eremuan, Israel hegoaldeko Neguev desertuan, preso palestinarrek indarkeria fisiko eta psikologiko orokortua jasaten dute. Hala aitortu diote The Guardian hedabideari bertako bi langile ohik. “Jokabide beldurgarriak” salatu dituzte iturriek, anonimoki. Aipatu dute ohikoa zela gatibuak ospitaleko oheetara lotzea, begiak estalita eta pixoihalak erabiltzera behartuta. Bi iturriek azaldu dutenez, gutxienez pertsona bati gorputz adar bat ebaki zioten, eskuburdinek eragindako zaurien ondorioz.
Langile ohietako bat atxiloketa eremuaren zaindari lanetan aritu zen. The Guardiani deskribatu dio nola presoak behartzen zituzten ordu luzez zutik edo belauniko egotera, tortura mekanismo ezagunak diren bi neurri. “Atxilotuak kaiola moduko batzuetan dituzte preso, eskuburdinak jarrita eta begiak estalita”, azaldu du iturriak. Bere esanetan, militar sionistek ez zuten frogarik atxilotu guztiak Hamaseko kideak zirela esateko. Askok etengabe galdetzen omen zuten zein izan zen haiek atxilotzeko arrazoia. “Ez zegoen haien aurkako akusazio formalik, iragazte eremu bat zen, behin-behineko atxilotuekin”. Hedabide britainiarrak azaldu du iturriek errepresalia gogorrak jasan ditzaketela ikusitakoen berri emateagatik.
Beste langile ohia medikua zen Sde Teiman eremuko kanpaina ospitalean, eta The Guardiani jakinarazi dio atxilotuetako gehienek tratatu gabeko zauri infektatuak zituztela, “gerra zauriak”. Agerikoa omen zen presoetako batzuk elikatu gabe zeudela. “Pixoihalaz aparte, biluzik zeuden”. Salatu duenez, kanpaina ospitalea kanpin dendaz osatuta dago, eta larrialdietako gelan ebakuntzak ohatilen gainean egiten dira, ebakuntza mahairik ez dagoelako. Iturriak adierazi du entzun zuela atxilotuetako asko Gazako ospitaleetatik ekarri zituztela. “Artatuak izaten ari ziren ospitaleetan atxilotu zituzten, infekzio larriekin, minez oihuka”. Aitortu du, baita ere, ikusi zuela nola ebakuntza bat egiten zioten preso bati, mina baretzeko analgesikorik gabe.
Sde Teiman eremua Gaza eta Israelen arteko mugatik hemezortzi kilometrora dago kokatuta, base militar batean, eta bi zatitan dago banatua, iturrien arabera. 200 palestinar inguru kaioletan eta murrizketa larriekin gatibu dituzten eremua, batetik, eta kanpaina ospitalea, bestetik, non dozenaka zauritu oheetara lotuta dituzten, “orokorrean mina baretzeko analgesikorik gabe”.
Israel-Giza Eskubideen Aldeko Medikuak GKEaren txosten batek salatu duenez, sionisten azken oldarraldiaren hasieratik Gazako biztanle guztiak “legez kanpoko borrokalari” izendatzen dituzte atxilotzen dituztenean. Sailkapen horrek kendu egiten die “gerrako preso” izaera, eta Israeli ahalbidetzen dio denbora luzez debekatzea abokatuen bisitak. Txostenean ohartarazi dute horrek aukera deuseztatzen duela bertan gertatzen dena ikuskatzeko, “tortura arrisku handia eta espetxeratze baldintza oso gogorrak” dauden honetan. Israel-Giza Eskubideen Aldeko Medikuak erakundeak atxilotze eremua ixteko exijitu dio Israeli.