Aztnugal dinamikako kideek adierazi dute astearteko atxiloketek ez dituztela “geldituko”, eta ziurtatu dute tortura salatzen jarraituko dutela. Manifestazioa deitu dute larunbat honetarako; 13:00etan abiatuko da Burlatako udaletxetik.
“Espainiako poliziak ez du nahi duena lortuko”, adierazi du Gorka Mayo Aztnugal auziko auziperatuetako batek. “Atxiloketen atzean dago Espainiako Estatuko segurtasun indarren mendeku nahia, eta Espainiako Estatuari interesatzen zaion kontakizun faltsua inposatzeko nahia ”.
Atxiloketek ez dituztela "geldiaraziko" azaldu dute: “Ez dute lortuko inkomunikazio aldian Guardia Zibilaren ziegetan jasan genituen torturak salatzeari uztea".
Era berean, Mayok gehitu du "jende guztia" konponbiderako pausoak ematen ari den bitartean, Espainiako Estatua uko egiten ari dela orain arte eragindako sufrimenduaren erreparazioari. Gogoratu du Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak zigortu zuela Espainiako Estatua tortura salaketak ez ikertzeagatik.
Espainiako Poliziaren ekimenez
Espainiako Poliziak bere ekimenez –ez epaile batek aginduta– atxilotu zituen zortzi lagun tortura salatu eta Estatuko Segurtasun Indarrak "iraintzeagatik" . Asteazken eguerdian gelditu dira aske, Txintxilla kaleko komisaldegian deklarazioa hartu ondoren. Mikel Otano, Esteban Gota, Itxaso Torregrosa, Saioa Ibiriku, Julia Ibañez, Angel Mari Erro "Rambo" eta Txelui eta Ibai Moreno dira atxilotutakoak.
Burlatako Udalaren eraikin batean torturaren aurkako mural bat margotzeagatik atxilotu zituzten. Muralean, Tortura hitza agertzen da, marra gorri batekin erdibituta. Eskuinaldean, aztnugal hitza ere irakur daiteke. Guardia Zibila ez da aipatu ere egiten.
Udalak pintaketa egiteko baimena eman zien atxilotuei, Torturaren Nazioarteko Egunaren harira. Hain zuzen, Txema Noval Burlatako alkateak ere Poliziaren aurrean deklaratu behar izan du, baina ez dute atxilotu.
Atxiloketen ostean, elkartasun keinu gisa, Euskal Herriko hainbat herritan Burlatakoaren antzeko muralak egin dituzte asteartetik hona, torturak salatuz.
Iruñeko Lurralde Auzitegira joango da Poliziaren salaketa eta jasotzen duen epaileak erabaki beharko du salaketak aurrera egiten duen ala ez.
Ahotsa.info hedabideak bildu ditu Gorka Mayo Aztnugal auzian auziperatuetako baten hitzak: