argia.eus
INPRIMATU
Tortura salaketak ongi ez ikertzea leporatu dio Espainiari Amnesty Internationalek
  • Amnesty Internationalen urteko txostenak Espainiar Estatua fokupean jarri du. Honakoa egotzi dio, besteak beste: torturaren ikerketan “eraginkortasun eta sakontasun falta”; adierazpen askatasun, informazio eta bilera eskubideen “murrizketa bidegabeak” eta errefuxiatuen auzian jokaera “desegokia”.

Ane Eslava Serrano @eslavaane 2017ko otsailaren 23a
Torturaren aurkako manifestazioa, Burlatan (Arg.: IƱaki Porto)

Espainiak 2016an aurkeztu ziren tortura salaketak modu “ez eraginkorrean eta sakontasunik gabe” ikertu izana salatu du erakundeak.

Kode Penalaren erreforma eta Mozal Legea ere kritikatu ditu: “Herritarren informazio, adierazpen askatasun eta bilera eskubideak urratzeko erabili dira”.  Gerra Zibileko eta frankismo garaiko krimenak aztertzen dituen Argentinako Kereilaren kasuan, auzitegi argentinarren lana oztopatzea egotzi dio.

Errefuxiatuen gaian ere huts egin du Espainiak: txostenak dioenez, harrera sistema “ezegokia” dauka, Europar Batasunak ezarritako arauak ez ditu aplikatu eta ez du asilo legea bete. Greziatik eta Italiatik datozen 15.888 errefuxiatu jasotzeko konpromisoa hartu zuen, eta 609 baino ez ditu hartu. Ekialde Hurbiletik eta Afrika Iparraldetik 1.449 jaso behar zituen eta 289 besterik ez du hartu. 

Giza Eskubideen atzerakadak mundu arriskutsu bat sortu du

Herrialde askotan ezarri den “gorrotoaren diskurtsoa” giza eskubideentzako mehatxu larria dela ziurtatu du AIk. “Gaur egun ez da marra gorririk existitzen, ez dago defendaezina den ezer”, adierazi du Salil Shetty idazkari nagusiak. “Erretorika toxikoak mundu zatitu eta arriskutsu bat sortu du”.

Herrialde batzuetako presidenteen jokabideek bereziki kezkatzen dutela adierazi du: Viktor Orbán hungariarrarena, Recep Tayyip Erdogan turkiarrarena, Rodrigo Duterte filipinarrarena eta Donald Trump estatubatuarrarena.