argia.eus
INPRIMATU
Estrasburgok zortzigarrenez zigortu du Espainia, tortura salaketak ez ikertzeagatik
  • Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak Espainia zigortu du Xabier Beortegiren tortura salaketak ez ikertzeagatik.

Ane Urkola Agirrezabala @irrikaz 2016ko maiatzaren 31

Auzitegiak ondorioztatu du Espainiak ez zituela nahikoa ikertu Xabier Beortegik inkomunikazio egoeran Guardia Zibilaren eskutik jasandako tortura salaketak.

Europako Auzitegiak beste behin eskatu dio Espainiari hobetu dezala atxilotutako pertsonak artatzen dituzten auzitegi medikuen ikerketen kalitatea, eta arautegi bat sor dezala polizientzat egoera horietan tratu egokia izan dezaten.

Azken ebazpen hori kontuan hartuta, torturak ez ikertzeagatik Espainia zigortzen duten zortzigarren aldia da. Patxi Arratibelen tortura salaketa ez ikertzeagatik ere zigortu zuten 2015ean, besteak beste; Beortegirekin batera atxilotu zuten Arratibel, eta aztnugal hitza ezarri zuen deklarazioetako batean, jasandako tratu txarrak salatzeko.

Auzitegiek ez zituzten tortura salaketa horiek ikertu eta Estrasburgok zigortu egin zuen, Europako Itunaren 3. puntua urratzea egotzita.

Tortura salaketa larriak

Xabier Beortegi 2011ko urtarrilaren 18an atxilotu zuten Ekinen aurkako polizia operazioan eta tortura larriak salatu zituen. Esan zuenez, Madrilera bidean mehatxatu, iraindu eta kolpatu egin zuten buruan, saihetsetan eta barrabiletan. “Poltsa” ezarri zioten eta elektrodoak aplikatzearekin mehatxatu zuten.

2011ko maiatzean jarri zuten salaketa Iruñeko Auzitegian, baina urtebete eskasera epaileak artxibatu egin zuen nahikoa froga ez zegoela argudiatuta.