argia.eus
INPRIMATU
Torrak ez du onartzen legebiltzarreko idazkariak diputatu akta kentzea
  • 12:30etan bilduko da Kataluniako Parlamentuko Mahaia aztertzeko zer egin Quim Torra lehendakariaren diputatu aktarekin. Dagoeneko Xavier Muro legebiltzarreko idazkari nagusiak iragarri du legebiltzarreko zerbitzuei agindu diela akta erretiratzeko tramiteei hasierako emateko.

Xabier Letona Biteri @xletona 2020ko urtarrilaren 27a
Quim Torrak galdetu du ea nork agintzen duen, Torrent lehendakariak edo Muro funtzionarioak. (Arg.: Vilaweb)

Legebiltzarreko Mahaiari zuzendutako idazki horretan, Muro-k adierazten du urtarrilaren 23an jaso zuela Espainiako Hauteskunde Batzorde Nagusiaren  agindua, esanez bide emateko JxCateko hauteskunde zerrendetan Torra ordezkatu behar duen pertsonaren diputatu izendapenari; bi egun eman zizkion pertsona horren izena emateko.

Torra lehendakariak, aldiz, ukatu du idazkariak halako erabakirik hartzeko eskumenik duenik eta adierazi du erabaki horrekin zalantzan jartzen duela legealdia. Torrak presioa Roger Torrent (ERC) Legebiltzarreko lehendakariaren gainean jarri du, galdetuz ea Legebiltzarrean nork agintzen duen, lehendakariak edo Xavier Muro funtzionarioak.

12:30etan bilduko da Legebiltzarreko Mahaia eta oraindik ez dago garbi zer gertatuko den, JxC eta ERCk ez baitute posizio adosturik. ERCren ustez, topatu beharko da Torra defendatu eta, aldi berean, Legebiltzarreko bozketak babesteko modurik. Errepublikarren esanetan, Torrak bozketetan parte hartzen badu, aurrerantzean legebiltzarrak har ditzakeen erabaki guztiak bertan behera gera daitezke, besteak beste, En Comú-rekin batera adostutako aurrekontuan. Astelehen honetako arratsaldean hasiko da aurrekontuak onartzeko osoko bilkura. ERCk nahiko luke Torrak diputatu gisa jarraitu ahal izatea, baina botorik eman gabe.

Urtarrilaren 3an Espainiako Hauteskunde Batzorde Nagusiak Quim Torrari diputatu akta kentzea agindu zuen, Torra desobedientzia delituagatik zigortua izan ondoren. Legebiltzarreko Mahaiak ez zuen agindua bideratu eta Torrak helegitea jarri zuen, baina Espainiako Auzitegi Gorenak arrazoi eman zion Hauteskunde Batzordeari.

Torra eta JxC-en esanetan, lehendakaria inhabilitatu zuen epaia ez da oraindik irmoa, eta beraz, ezin dute onartu Espainia izatea Kataluniako Gobernuko lehendakariak jarri edo kentzea erabakitzen duena.