Hauteskundeek alderdien arteko “lehia gordina” piztuko lukete Kataluniako presidentearen izenean, “lankidetza” beharrezkoen denean. Herrialdea alderdien gainetik jartzera deitu du.
Osasun krisia amaitu bitartean ez dituela hauteskundeak deituko iragarri du Quim Torra Kataluniako presidenteak, La Vanguardia hedabidean argitaratutako idatzi baten bitartez. “Orain ez da garaia herrialdea, erakundeak eta alderdiak Kataluniako Parlamentua eta haren ahalmen legegilea desegingo lituzkeen hauteskunde-prozesu batera bultzatzeko, hau da, lankidetzaren unea alderdien interesen araberako lehia gordin bihurtuko lukeen hauteskunde-prozesu batera. Orain, herrialdea jarri behar dugu alderdien aurretik. Erantzukizunagatik eta zorroztasunagatik.
Bi urte daramatza karguan Torrak, 2017ko abenduko hauteskundeak irabazi ostean: “Giza eskubideen eta oinarrizko eskubideen urraketak markatutako bi urte dira, 155.arekin hasi eta orain alarma-egoerarekin, epaiketa, espetxe eta erbesteratze lotsagarriak tartean”. Legegintzaldia amaitzeko beste bi urte falta badira ere, aurrekontuak onartuta eta publikoki “agintaldia amaitutzat” eman eta gero, udaberrirako zeuden iragarriak hauteskundeak. Kronabirusaren krisiak asmo hori eraldatu du. ERCko zenbait kidek hauteskundeen data zehazteko eskatu diote Torrari azken astean. Ara hedabideak gaur argitaratu duen elkarrizketa batean berbera eskatu dio Oriol Junquerasek, data hori berehalakoa ez duela izan behar zehaztuta.