argia.eus
INPRIMATU
Torrak esplikazioak eskatu dizkio Grande-Marlaskari Guardia Zibilen eta polizia espainolen jarreragatik
  • Ribera de Ebron gurutze horiak kendu zituztenen artean guardia zibil bat identifikatu zuten Mossoek.

Asier Gonzalez de San Pedro @asiertxiki98 2018ko abuztuaren 20a
Quim Torra Bartzelonako Gracia auzoan adierazpenak egiten (Argazkia:ccma.cat)

“Oso kezkatuta” dagoela adierazi du Quim Torra Generalitateko presidenteak Ribera de Ebroko gertakarian identifikatuetako bat guardia zibila dela jakin eta gero. “Jordi Borrás foto kazetariaren kasuan bezala, polizia batzuek herritarrak jotzen dituzte edo diputatu katalanak iraindu eta txistua botatzen” dietela gaineratu du.

Espainiako Barne ministro Grande-Marlaskari esplikazioak eskatu dizkio Generalitateko presidenteak. “Ezin dugu onartu hiritarrak eta diputatuak irainak, erasoak eta kolpeak jasotzea” adierazi du Torrak. Espainiako Kataluniako ordezkaria Teresa Cunillerari ere esplikazioak eskatu dizkiola gaineratu du.

Torrak, Ribera de Ebroko gertakariaren aurretik eskatu zizkion esplikazioak Cunillerari jakiteko “zer neurri hartuko dituen honekin guztiarekin bukatzeko”. Ikusita erantzunik ez duela jaso Barne ministroarengana joko duela iragarri du, “jakin nahi dugu zer egingo duen jarrera hauen aurrean”.