Sorkuntza-lanen jabetzak zeresana eman ohi du haien egileak hil ondoren ere, baina beti iristen da hildako artistaren oinordekoekin ika-mikak amaitzen diren momentua: egile-eskubideak iraungi eta obra jabetza publikora pasatzen den momentua. Herrialde bakoitzean hori gertatzeko epeak desberdinak diren arren, 2022an sartzearekin batera lan asko geratu dira egile-eskubideetatik libre.
Europar Batasuneko herrialde gehienetan egilea hil eta 70 urte pasa direnean askatzen dira haren obrak. Espainiako Estatua da salbuespenetako bat, epe hori 80 urtekoa baita 1987aren aurretik hildako sortzaileentzat eta, beraz, horrek 10 urte atzeratzen du Hego Euskal Herriko egileen lanak askatzea. Beste leku batzuetan 50 urtekoa da tarte hori eta AEBen kasuan berriz, legea desberdina da idatzizko lanentzat eta grabatutako musikarentzat.
Nolanahi ere, heriotza datek, epe legalek eta estatu bakoitzeko berezitasunek sortzen duten korapiloa askatuta, aurten jabetza publikora pasako diren zenbait egile eta obra nabarmentzeko modukoak dira.
Toribio Altzaga eta Mayi Elizaga
1941eko maiatzaren 27an hil zen Donostian Toribio Altzaga eta beraz, 80 urte pasata, haren lan guztiak jabetza publikokoak dira orain. Idazle gipuzkoarra bereziki nabarmendu zen antzerkigintzan, XIX. mendearen amaieran foruen galerari erantzunez sortu zen kultur mugimendu euskaltzalearen baitan. Era guztietako lanak idatzi zituen, komedia arinetatik –Burruntziya, 1926–, opera-lanetaraino –Tantxon Piperri, 1899–, tartean familia burges abertzale baten gorabeherak ardatz dituen Osaba (1926) ere utziz.
Bestelakoa izan zen aurten Hego Euskal Herrian jabetza publikora pasako den beste egile baten ibilbidea: Mayi Elizaga (Sara, 1899-1941) familia dirudun tradizionalista batean jaio zen eta 1914an hasitako Gerla Handiak eraman zuen idazten hastera. Gerra amaituta, 1919tik 1921era bitartean idatzi zituen bere obraren muina osatuko zuten lanak, Gure Herria, Le Courrier de Bayonne eta Action française agerkarietan publikatzen joango zirenak. Frantsesez idatzi zuen nagusiki, baina hiru narrazio gutxienez euskaraz argitaratu zituen eta Jean Elizalde Zerbitzari-k beste bi itzuli zizkion.
Bi adibide besterik ez dira, noski. Horiei batu behar zaizkie 1941ean hil ziren beste guztiak, Hego Euskal Herriko legediaren arabera libreki publikatu baitaitezke; baita 1951ean hildakoak ere, horienak Ipar Euskal Herrian jada jabetza publikotzat hartzen baitira.
Winnie-the-Pooh, Dorothy Parker eta AEBetako musika asko
Nazioartean ere asko dira 2022tik aurrera egile eskubideetatik libre geratu diren obrak eta egileak. AEBetan, adibidez, A.A. Milne idazleak eta E.H. Shepard ilustratzaileak sortu zuten Winnie-the-Pooh haurrentzako liburua pasa da jabetza publikora. 1926an argitaratua, giza itxurako hartz bat protagonista duen lan hau haur literaturaren klasiko bat da. Urte berean argitaratu zen Dorothy Parkerren lehen poema bilduma ere: Enough Rope. 2022. urtea hastearekin batera libreki berrargitaratu ahalko da AEBetan.
Grabazio musikal zaharren artean arakatzea atsegin dutenentzat ere, albiste onak herrialde hartatik: 1923. urtea baino lehenagoko lan ugari askatuko dituzte. 2018an onartutako Music Modernization Act legeak ekarri duen onuretako bat da, aurreko legediak zekartzan hainbat arazo gainditzeko atea ireki baitu –2022an sartu arte ez zen AEBetako soinu-grabaziorik jabetza publikora pasa, beste mota bateko lanek ez bezala, ez zegoelako horretarako lege federalik–.
Egilea hil zenetik 70 urtera haren obra askatzen duten herrialdeei begira jarrita, nabarmentzeko moduko hainbat izen agertzen dira: Ludwig Wittgenstein eta, besteak beste, haren Tractatus logico-philosophicus liburua domeinu publikora pasa dira alemanez hitz egiten den herrialdeetan. Gauza bera André Gideren obrarekin ere, Frantziako Estatuan urtarrilaren 1etik aurrera egile eskubideen katetik askatu baita idazle paristarraren obra osoa.
12 urte pasatzea aski zen garai urrun hura
Aurten libre geratuko diren egileak eta sorkuntza-lanak aipatzeaz gain, egoera honen jatorria non dagoen gogora ekartzeko baliatu du urteko lehen eguna Marko Txopitea blogari eta kultura librearen aldeko ekintzaileak.
Bere esanetan, “lehen copyright legea duela bi mende asmatu zenean, lan intelektualak, erregistratzen ziren egunetik 12 urtez babesten ziren. Garai hartako egileei, denbora hori babes nahikoa iruditzen zitzaien. 12 urteak igarotakoan lanok jabetza publikora pasatzen ziren, beste lan intelektual guztiak bezala: abestiak, irudiak, antzezlanak, eleberriak eta abar”.
“Logikoa dirudi, ezta?”, jarraitu du Txopiteak. Gaiak maiz pizten dituen eztabaidak alboratuz, gogora ekarri du egile eskubideek iraungitze-data dutela eta “gizartearentzat osasungarria eta beharrezkoa dela ulertu behar dugu”.