argia.eus
INPRIMATU
Topoa blokatu dute Aitzina eta LAB-ek Hendaian
  • Greba orokorra haiena ere dela erranik, ekintza egin dute urtarrilaren 30eko goizean goizik Hendaiako tren geltokian. Hamabost bat lagun jarri dira trenaren aitzinean, blokatzeko xedez.

ARGIA @argia 2020ko urtarrilaren 30a
Greba orokorra dela eta, topoa blokeatu dute Hendaian

Hendaia eta Donostia arteko tren zerbitzua ere blokaturik izan da goizean. Aitzina gazte erakundeko eta Ipar Euskal Herriko LAB sindikatuko hainbat kide jarri dira trenaren aurrean. Hego Euskal Herrian egiten ari den greba orokorra haiena ere badela erakutsi nahi izan dute ekintza honekin.

Aldarrikapenak erabat partekatzen dituzte. Besteak beste, pentsio sistemaren erreformaren kontra dagoen mugimenduaren eta gaurko greba orokorraren artean puntu komun asko dagoelako: "Aldarri berak ditugu nonahi Europan, guztiok egin behar dugu aurre. Europa osoan gauzatzen ari den modelo neoliberalak helburu bera du herri guztientzat: gastu sozialei bideraturiko BPGren zatia ahal bezainbat gutxitzea, pribatuen poltsikora bideratzeko", adierazi zigun Jeronimo Prieto LABeko kideak, urtarrilaren 17ko elkarrizketan.

Greba orokorrarekin bat eginez, elkarretaratzea eginen dute arratsaldeko 18:30ean, Hendaiako herriko etxearen aitzinean.