argia.eus
INPRIMATU
Kartzela zigor eskaria Topatuko kide bat, Ernaiko zazpi eta Periko Solabarriarentzat
  • Topatuko kide Iraitz Salegiri eta Periko Solabarriari 18 hilabeteko espetxe zigorra eskatu die Espainiako Auzitegi Nazionalak. Ernaiko zazpi kideri bi urtekoa. Guztiei terrorismoa goratzea leporatzen diete.

ARGIA @argia 2014ko abenduaren 18a
Gazte Danbadan milaka gazte bildu ziren Urduñan.

Hauek dira Ernaiko kideak: Gotzon Elizburu, Maialen Etxeberria, Irati Sienra, Aitor Anda, Garazi Mugertza, Mikel Moreno eta Mikel Jon Button. Periko Solabarria ezker abertzaleko militante historikoa da, eta 84 urte ditu.

Gazte Danbadaren haritik dator zigor eskaera

2013ko martxoaren 29tik apirilaren 1a bitarte Gazte Danbada jaialdia ospatu zen Urduñan. Ekitaldi politiko nagusian hitza hartu zutenek espetxean hil zen Xabier Lopez Peña preso politikoa izan zuten gogoan, eta ‘terrorismoari gorazarre’ egin ziotelakoan auzipetu zituen Velascok Ernai gazte antolakundeko hainbat kide.

2014ko martxoan Auzitegi Nazionalak ekitaldiko hitzartzeak eta laburpena biltzen zituen bideoak ezabatzeko agindu zien, eta "agindua prentsa askatasunaren aurkako eraso bat iruditu arren, bideoak ezabatu genituen", kasu egin ezean webgunea itxiko zutela mehatxu egin baitzieten. Orain, epailearen agindua bete arren, proiektuko hiru kide auzi berean sartu dituzte, bideoak grabatzeagatik "terrorismoa goratu" dutelakoan.

Adierazpen askatasunaren aurkako erasoa

Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu zuten urrian Iraitz Salegi, Nekane Zinkunegi eta Izaro Zinkunegi kazetariek, Topatu.info webguneak Gazte Danbadari buruz egindako jarraipen informatiboarengatik inputatuak izan ostean.