Topatu.info gazte proiektu komunikatiboko hiru kide deklaratzera deitu ditu Espainiako Auzitegi Nazionaleko Eloy Velasco epaileak, webgunean bertan jakinarazi dutenez. Madrilera joan beharko dute urriaren 7an, Euskal Herrian deklaratzeko egindako eskaerari epaileak uko egin ostean. Ernaik 2013ko martxoan Urduñan antolatu zuen Gazte Danbadako ekitaldi politikoaz informatzeagatik deitu dituzte, "terrorismoari gorazarre" egin ziotela akusatuta.
2013ko martxoaren 29tik apirilaren 1a bitarte Gazte Danbada jaialdia ospatu zen Orduñan. Ekitaldi politiko nagusian hitza hartu zutenek espetxean hil zen Xabier Lopez Peña preso politikoa izan zuten gogoan, eta ‘terrorismoari gorazarre’ egin ziotelakoan auzipetu zituen Velascok Ernai gazte antolakundeko hainbat kide.
2014ko martxoan Auzitegi Nazionalak ekitaldiko hitzartzeak eta laburpena biltzen zituen bideoak ezabatzeko agindu zien, eta "agindua prentsa askatasunaren aurkako eraso bat iruditu arren, bideoak ezabatu genituen", kasu egin ezean webgunea itxiko zutela mehatxu egin baitzieten. Orain, epailearen agindua bete arren, proiektuko hiru kide auzi berean sartu dituzte, bideoak grabatzeagatik "terrorismoa goratu" dutelakoan.
2014ko Interneteko ARGIA Sariaren irabazle
Topatu.infoko kide Iraitz Salegik ondorengoa aipatu zuen 2014ko interneteko ARGIA Saria jasotzean: “Mass mediek sortzen duten burbuilari zulotxo bat egin eta gure tokia egiteko tresnak herritarra izan behar du, eta kasu honetan, gazte mugimenduko oro izan behar da lehen informazio iturri. Horrekin ulertu behar da mezuak haiek nahi bezala, zehatz-mehatz, argitaratuko direla”. Topatuko kidearen hitzartzea osorik ondorengo bideoaren 18. minututik aurrera:
Gazte mugimenduak gizarteari bere ikuspegitik begiratzeko tresna
Informazioa formatu ezberdinetan lantzen du Topatu.info-k eta bideoak dira indarguneetako bat. Informaziorako webgune soila baino areago, hiru hankadun proiektu komunikatiboaren bitartekoetako bat da Topatu.info. Informazioarekin batera, formazioak, “gazteek elkarrekin ikasi eta ahalduntzeak”, eta hausnarketarako toki kolektiboak osatzen dute proiektua.