argia.eus
INPRIMATU
Topaketa Intergalaktikoa egingo da Hendaian, G7aren aurka
  • Aurreko bi edizioetan nazioarteko topaketak Notre-Dame-des-Landeseko ZADen egin dira. Hendaian antolatu dira aurten, abuztuaren 21etik 23ra, G7aren aurkako ekimenekin bat eginez.

ARGIA @argia 2019ko abuztuaren 06a
Topaketa Intergalktikoen aurreko bi edizioak Notre-Dame-des-Landeseko ZADen egin dituzte. Irudian, ZADen hainbat herrialdetako pertsonek auzolanean eraikitako AmbaZADa.

Lurra eta Askatasuna kolektiboak Topaketa Intergalaktikoen hirugarren edizioa antolatu du aurten. Aurreko bi topaketak Bretainiako Notre-Dame-des-Landeseko ZAD gunean egin dira, baina aurten antolatzaileek G7aren gailurraren aurkako mugimenduekin eta ekimenekin uztartu nahi izan dute ekimena.

Abuztuaren 21ean hasi eta 23an amaituko da Topaketa Intergalaktikoa. "Inperialismo kapitalistak lurra eta herriak hertsatzen ditu", diote antolakuntzatik. Topaketetan, "hedapen kapitalistak bizidunengan, gorputzetan, hizkuntza eta kulturetan" duen eragina aztertu nahi dute.

Abuzturen 21ean lurraren defentsa mugimenduak izango dira egitarauaren ardatza. Europa mailan gorpuzten ari den By 2020 We Rise Up mugimenduarekin batera, Euskal Herriko hainbat esperientzia ezagutzeko aukera izango da. Bigarren egunean patriarkatuak hartuko du erdigunea: "Matxismoaren eta eraso sexisten tailerren eguna izango da". Hirugarren eta azken egunean, hizkuntza gutxituen zapalkuntza esperientziak partekatuko dituzte parte hartzaileek.

Horrez gain, abokatuekin eta errepresioaren aurkako mugimenduekin egoteko aukera izango da hiru egunetan, "G7 gailurrari begira jakin beharreko hainbat jarrera eta eskubide gureganatzeko".

Herri bazkariak, musika, dantza eta festa giroa ere izango dira Topaketa Intergalaktikoan.