argia.eus
INPRIMATU
Topaketak antolatu ditu Bilgune Feministak ekainaren 11n eta 12an Oñatin: 20 urtez paradisuak erretzen
  • Duela 20 urte, 2002ko apirilean, sortu zuten Euskal Herriko Bilgune Feminista. Urteurrenaren testuinguruan, Topagune Feminista egingo dute ekainaren 11n eta 12an Oñatin, Eztandak dardara gaitzala lemapean.

2022ko apirilaren 25
Dozenaka lagun bildu da Topeketa Feministen aurkezpenean.

"Hogei urte egingo ditugu paradisuak erretzen", diote Bilgune Feministako kideek. "Paradisu fiskala, familiarra, paradisu kapitalista heteropatriarkala. Batzuena dena eta batzuentzat soilik eraikia. Argitsua eta bistara polita. Baina hutsa, gezurretakoa. Euskal Herriko Bilgune Feministaren sorreratik kendu nahi izan dizkiegu maskarak paradisuei, konfliktoan jarri, deserosoak izan. Eztanda egin arte".

Hogei urtetako ibilbidea ospatzea helburu, iragarri dute datozen hilabeteetan herrietan, plazetan, txokoetan eta gaztetxeetan batuko direla. "Bilgune Feministaren sarea indartzera goaz, Euskal Herri burujabe eta feminista eraikitzera bidean. Ekainaren 11 eta 12an antolatzen ari garen Topagune Feministan elkartuko gara, urteurrenaren eztandan". Bertso saioak, sortzaileen azokak eta hainbat tailer eta kontzertuk osatuko dute egitaraua, besteren artean.

"Gatazkaren konponbide feminista mahaigaineratu dugu, subjektu politikoen eztabaida biluztu genuen, lidergotza feminista kolektiboa josten gabiltza, gure begiradaz beste bat eginez pribilegio zurien ardura hartzeko konpromisoan berresten gara, krisi anizkoitzaren erdian, zaintzen sistema dardaratzen ari gara. Euskal Herriaren burujabetza feminista ipar, paradisuak erretzen jarraituko dugu, denak eztanda egin arte!"