argia.eus
INPRIMATU
Topaketa ekosozialistak: “Ekoizteko eta kontsumitzeko moduan errotiko aldaketa eskatzen du etorkizunak”
  • Kapitalismoaren eredua gainditu eta munduak jasaten duen larrialdi ekologikoari aterabide sozialki justuak ematearen alde agertu dira irailaren 23tik 25era Bilbon egindako III. Nazioarteko Topaketa Ekosozialisten antolatzaileak. Gaur egungo paradigma atzean uzteko trantsizio ereduak bultzatzeko beharra azpimarratu dute, jardunaldien amaieran zabaldutako manifestuan.

Unai Brea @unaibrea2 2016ko irailaren 26a
Klima aldaketari buruz jardun zuten topaketen lehenengo egunean (Arg.: Nazioarteko Topaketa Ekosozialistak).

Hainbat alderdi politiko, sindikatu eta bestelako hainbat eragilek antolatutako Topaketa Ekosozialistek ehunka lagun bildu dituzte EHUren Bizkaia Aretoan eta Sarrikoko Ekonomia eta Enpresa Fakultatean. Klima aldaketaz, ekoizpen-ereduez eta lanaren antolaketa sozialaz, energia eta elikadura burujabetzaz, sindikatuek trantsizio ekosozialistan joka dezaketen rolaz… jardun eta gero, manifestu bateratua izenpetu dute parte hartzaileek.

Sinatzaileen esanetan, bi menpekotasun nagusi hartu behar dira kontuan pertsonen bizitza ahalbidetzeaz ari garenean: naturarekikoa –harengandik eskuratzen dugu behar dugun guztia– eta elkarrekikoa. Aldiz, kapitalismoa bi menpekotasun horiei bizkarra emanda garatu dela iritzi diote, ez baititu aintzat hartzen ez planetaren muga fisikoak, ez eta zaintza lanak behar bezala aitortzen.

“Ezjakintasun eta ezkutaketa horren jatorria da kapitalismoak dirutan neur daitekeenari baino ez diola ematen balio ekonomikoa. Ziklo naturalak eta zaintzari lotutako lanak ikusezinak dira ekonomia kapitalistarentzat”, adierazi dute. Ondorioetako batzuk dira muga biofisikoekin talka egiten duen etengabeko hazkundea ezarri izana helburutzat, eta jendarte injustu eta desorekatua eraiki izana. Hain zuzen, larrialdi ekologikoa eta larrialdi soziala lotuta daudela uste dute topaketen antolatzaileek. Beste aurpegi bat ere du egoera horrek: emakumeek jasaten duten zapalkuntza.

Baliabide naturalen kudeaketa komunitarioa

Bestelako eredu bateranzko trantsizioa eman dadin ezinbestekotzat jo dituzte herrien eta pertsonen ahalduntzea, eta bereziki baliabide naturalen eta ondasun kolektiboen kudeaketa komunitateen esku egon dadila: “Ekoizteko eta kontsumitzeko moduan errotiko aldaketa eskatzen du etorkizunak”. Edozein kasutan, ekonomiaren alde materiala nahi eta nahi ez murriztuko dela iritzi diote. Derrigortutako trantsizioak etorriko dira, hortaz, eta horiek justizia soziala kontuan izanda eman beharra aldarrikatu dute: “Beti elkarrekin ibili ez diren bi esparru horien artekon kontrastea eta lankidetza ezinbestekoa da”.      

Zentzu horretan, sindikatuek protagonismo handia izan dezaketela diote manifestuarekin bat egin dutenek. Topaketetan, hain zuzen, borroka sindikalak ikuspegi “berdea” kontuan izatearen garrantzia aipatu da behin baino gehiagotan. Esaterako, lanpostuak sortzearen aldeko aldarrikapenetan lehentasuna emanez eredu jasangarriak eraikitzen lagundu dezaketen enpleguei.

Manifestuaren amaieran agertutako konpromisoen artean, erakundeetara trantsizio ekosozialaren aldeko lege proposamenak eramatekoa eta merkataritza askeko itunen (TTIP; CETA, TISA…) aurka borrokatzekoa aipa daitezke.