argia.eus
INPRIMATU
“Topaketa antiinperialistak” egingo ditu Askapenak martxoaren 15 eta 16an Bilbon
  • Karmela espazio autogestionastuan egingo ditu, eta Euskal Herriko zein nazioarteko gonbidatuak egongo dira bertan. "Koiuntura analisi orokorretik abiatu eta Euskal Herriko borroka internazionalistaren gakoetarainoko bidea" egingo dutela adierazi du Askapenak. Mobilizazioak deitu dituzte martxoaren 12rako Hego Euskal Herriko hiriburuetan, NATOren aurkako erreferendumaren 39. urteurrenean.

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko martxoaren 07a
Martxoan topaketa antiinperialistak egingo ditu Askapenak eta martxoaren 12an NATOren aurkako mobilizazioak.

"Gerra inperialistari herriok borroka" lemapean, Askapena antolakunde internazionalistak kanpaina berria abiatu zuen urtarrilean, "borroka ideologikoa areagotu eta klase eta herri erantzun internazionalista bultzatzeko". Otsailean "gerra inperialistaren" inguruko zenbait hitzaldi eman ondoren, martxoaren bigarren asteburuan "Topaketa antiinperialistak" antolatuko ditu Bilbon.

Bi egunetan zehar Karmela espaziora bertaratzen direnek gai ugari jorratzeko aukera izango dute:

Larunbatean, Cira Pascual ikerlari venezuelarraren eskutik "ofentsiba inperialista eta gerra" landuko dituzte,  eta ondoren Iñaki Gil de San Vicente euskal pentsalari marxistak "gerra kulturala" ardatz izango duen hitzaldia. Europako testuinguruaren inguruko analisi bat ere eskainiko dute Askapenako kideek. Eguna borobiltzeko, Hegoalde globala ofentsiba inperialistaren aurrean: borrokak eta erresistentziak izeneko mahai ingurua egingo dute. Bertan landuko dituzte ondorengo lau lurraldeak: Sahel –Marra Junior izango da, militante politikoa, panafrikanista, ezkertiarra eta iraultzailearen bidez–, Palestina eta Mendebaldeko Asia –Taher Ali, militante palestinarrak–, Argentina –Laura Taffetani, Argentinako militantea, Convocatoria Segunda Independencia eta Gremial de Abogados antolakundeetako kideak– eta Venezuela –Cira Pascual Marquina,  Venezuelako ikerlari militanteak–.

Igandean "Euskal Herriko posizio eta estrategia internazionalisten" arteko eztabaida izango dute Askapenako, Jarduneko eta Euskal Herriko Kontseilu Sozialistako kideek parte hartuko duteen mahai inguruan. Euskal Herrian eta Europan "fronte antiinperialista" bat eta estrategia internazionalista bat eraikitzeko borroka ideologikoa areagotu eta "herri erantzuna" antolatzen indarrak jarri behar direla uste du Askapenak.

Mobilizazioak martxoaren 12an

Topaketez gain, "gerra inperialistan areagotzea" salatzeko mobilizazioak deitu ditu Askapenak Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan martxoaren 12rako, asteazkenerako, NATOri buruzko erreferendumean Hego Euskal Herrian ezezkoak irabazi zuenaren 39. urteurrenean: Bilbokoa 19:00etan abiatuko da Eliptika Plazatik eta hainbat eragilek antolatuko dute. Ordu berean hasiko dira Donostiakoa eta Iruñekoa, Bulebarrean eta Udaletxe plazan, hurrenez hurren. Iruñekoa ere hainbat eragileren artean antolatuko dute. Gasteizen 19:30ean ekingo zaio mobilizazioari, Correosetik.