Bukatu da (bukatzen ari da) tomatearen sasoia eta unea aprobetxatu nahi nuke uda honetan izandako kezka eta amorruak orriotara ekartzeko.
Badira hiru hamarkada baino gehiago herri mugimenduen arlotik, agroekologiatik eta elikadura burujabetzatik bertako hazi eta barietateen inguruan lan mardula egin dela. Haziak elikaduraren lehen katebegia direla jakitun, hazien galerak dakartzan arazo ekologikoez jabetuta, eta mundu mailan horien inguruan gauzatutako pribatizazio eta merkantilizazio prozesuekin kezkatuta, hainbat eta hainbat ekimen gauzatu dira eta gauzatzen ditugu: transnazionalen aurrean autonomia bermatzeko, haziekin batera ezagutzak eta kulturak bizirik mantentzeko, eta bizitza zaintzeko eta bermatzeko. Horretarako, bertako barietateak ezagutu eta ezagutarazteko hamaika ekimen antolatu dira, betiere aniztasunaren garrantzia eta tokian toki haziak ugaltzeko eta zaintzeko lanaren garrantzia azpimarratuta.
Baina neoliberalismoak badu aldarriak desitxuratzeko eta bereganatzeko gaitasuna, erresistentziarako izaera edo iraultzarako grina ezabatuta. Eta, horretarako, noski, gaur egungo dominazio-sistemak konplize ezinhobeak zaizkio.
Harira noa. Azken urteotan sentsazioa daukat figura sozial berri bat sortu dela, eta azkar ugaltzen ari dela gainera: tomateen bildumagileak edo kolekzionistak (gizonak, noski) eta, horiekin batera, tomateen lehiaketak. Egia da bertako barietateak ezagutarazteko eta baloratzeko aspaldi antolatu izan direla dastaketak eta sariketak. Horietan, gainera, maiz parte hartu dute ekoizle agroekologiko profesionalek, eta trukean, batzuetan, aitortza pixka bat ere jaso dute. Beraz, ez daukat horiek kolokan jartzeko inolako asmorik. Baina azken urteotan sentsazioa daukat lehiaketa horien logika aldatzen ari dela. Gero eta gehiagotan “afizionatuek” parte hartzen dute horietan (hau ez zait halabeharrez kalterako iruditzen, badaezpada ere diot), gizonezkoek gehienetan, eta, gainera, ez beti bertako barietateekin. Aurten, kasurako, Polanco herrian (Kantabria, Espainiako Estatua) antolatu den tomateen nazioarteko lehiaketa “Brandy Boy” barietateak irabazi du.
Zer-nolako ekarpen egiten diete horrelako lehiaketek bertako hazi eta barietateei edo landutako bioaniztasunari? Ehunka eta ehunka (edo milaka) tomate barietate gordetzen dituzten gizonezko bildumagile horiek, zer helburu mota dute buruan? Horrelakoetan Gipuzkoako baratzezain emakumezko bat etortzen zait burura. Barazki mota asko ekoizten ditu, ekologikoki, azokan eta bestelakoetan saltzeko. Horietako batzuen landareak etxean egiten ditu, urtez urte haziak gordez. 15 bat tomate barietate izango ditu, beste horrenbeste gutxi gorabehera piperrena. Badu bakoitzarentzat izen bat, berak emana, berari barietate hori eman zionari erreferentzia egin ohi diona, eta badaki nondik ekarri zuen bakoitza. Lan horrekin ez du bilatzen izen propiorik, osperik, aitortzarik. Ez du horrekin egorik puzten. Ordea, barietate horiei esker baratzea elikatu eta mantentzen du, lurrak zaintzen ditu, elikagaiak sortzen ditu, eta etorkizuna bermatzen du.
Isilpeko lan hori historikoki emakumezkoek egin dute. Zenbait gizonezkok ere bai. Ez nuke nahiko, orain, ugalketa eta zaintzari lotutako genero estereotipoak berrindartzerik. Baina bai, ordea, azpimarratu gizontasunaren zaintza logikak. Seme-alabei abizena ematean jazotzen den antzera, edo seme aizkolari edo futbolariekin norbere abizenari ospea emateko nahiarekin gertatu bezala, maiz, gizonezkoak, haziak eta barietateak zaintzen hasten direnean, aitatasun eta aitortza logika berekin sartzen dira jokoan. Eta, noski, ingurukoak liluratuta geratzen dira gizonezko horien gaitasunarekin eta horien arrautzen (barka, tomateen) tamainarekin. Horrelakoetan, lehendik beste askok kolektibotasunetik eta anonimotasunetik bertako hazien alde landutako eta bultzatutako logikak leherrarazten dituztela iruditzen zait. Beraz, logika neoliberal eta matxistek ez dezatela aldez aurretik egindako lana zapuztu eta xurgatu. Hazien ugalketan, ekoizpenean eta defentsan dihardugunok badakigu borroka ego eta erakusleihotatik kanpo jokatzen dugula, eta bizitza (ab)izenetatik at zaindu eta sortzen dela.