argia.eus
INPRIMATU
Tolosan ozen oihukatu dute ez dutela erasorik onartzen
  • Dozenaka herritar bildu ziren larunbatean Tolosako Euskal Herria plazan, Tolosaldeko Asanblada Feministak deitutako elkarretaratzean, Gabon Gauean gertatutako bortxaketa saiakera gaitzesteko. "Saretzeko, indarrak batzeko, ahalduntzeko eta autodefentsarako elkartu gara, eta elkartuko gara", aldarrikatu zuten.

Tolosaldeko Ataria @tolosaldeataria 2020ko urtarrilaren 07a

Abenduaren 24ko gauean eraso matxista bat izan zen Tolosako Larramendi auzoan: gizonezko bat 19 urteko emakume bat bortxatzen saiatu zen. Hori dela eta, Tolosaldeko Asanblada Feministak elkarretaratzera deitu zituen herritarrak larunbatean, Tolosako Euskal Herria plazan, autodefentsa feminista erdigunean jarriz. Tolosako Udaleko ordezkariek ere bat egin zuten atzoko bilkurarekin.

Hona hemen, Tolosaldeko Asanblada Feministako kideek irakurritako testua:

Besoak gurutzatuta, geldi eta beldurtuta espero bagaituzue; ez, oker zaudete. Gu bildu egiten gara, elkar babestu, indartu eta plazak hartzen ditugu ezetz esateko. ez dugula erasorik onartzen eta eraso bakoitzari erantzun bat emango diogula esateko. 

Indarkeria maskulinitate eredu jakin bat sortzeko erabitzen duzue. Genero bereizketa egiteko. Eta gu, emakumeok* (*aren aniztasun guztiarekin) azpiratzeko. Kontrolpean, zapalduak eta meneko nahi gaituzue, baina ez. 

Egunero bizi dugu indarkeria matxista, natural- natural. Indarkeriak hamaika aurpegi ditu eta hamaika modutara eman daiteke. Joan den abenduaren 24an esaterako, gure ahizpa batek, gure herrian, Tolosan, erasoa jasan zuen. Bortxaketa saiakera bat izan zuen etxera bueltan. 

Idarkeriaren adierazpen askotarikoek denoi eragiten digute, baina emakumeon* artean ere badira gorputz zapalduagoak. Migratzaileek, emakume arrazializatuek, gorputz kolonizatuek nahiz desgaitasunen bat dutenek, egunero-egunero egin behar diete aurre estereotipo matxistei. Bazterkeria soziala pairatzen dute, eta, ondorioz, indarkeria bikoitza edo hirukoitza jasaten dute.

Nazkatuta gaude eta zuen biolentziek erantzuna izango dute. Horregatik elkartu gara eta elkartuko gara, saretzeko, indarrak batzeko, ahalduntzeko, autodefentsarako.  

Besarkada bat joan den abenduaren 24an Tolosan erasotua izan zen lagunari.  

Hau guztia ez da kasualitatea: menderakuntza sistema baten emaitza da. Baina guk zutik jarraitzen dugu eta borrokan jarraituko dugu matxismoari aurre egiteko. 

Indarkeriaren aurrean, saretze feminista!

Indarkeriaren aurrean, autodefentsa feminista!

Gora borroka feminista!