Epaileari nahikoa izan zaio azaroaren 27an Ertzaintzak egindako deklarazioa kasua artxibatzeko. Erabakiaren aurrean helegitea aurkeztuko duela adierazi du Xuhar Plataformak. “Xuharrek ez du begia galdu, Ertzainak begia galduarazi dio”, salatu du mugimenduak.
Asteazken honetan deklaratu du Tolosako epaitegian gomazko pilotarekin gaztea zauritu zuen ertzainak. Tolosako inauterietan egindako esku-hartzea gertakariekiko proportzionala izan zela justifikatu du. Epaileari ertzainaren deklarazioa kasua artxibatzeko nahikoa iruditu zaio, eta Xuharrek berak deklaratu aurretik kasua itxi izana gogor salatu du mugimenduak.
Tolosako inauterietan foam jaurtigailu batekin zauritu zuen Ertzaintzak 16 urteko Villabonako gaztea. Tabernako istilu baten harira Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilotaren ondorioz eskubiko begitik itsu gelditu da gaztea.
Duela zortzi hilabete hasi zituen ebakuntzak eta errehabilitazioak ez dira nahikoa izan ikusmena berreskuratzeko. Anbulantzian, ospitalean zein zirujauak egindako txostenek argi uzten dute zauria gomazko pilotak eragindakoa dela, nahiz eta hasiera batean Josu Erkoreka orduko segurtasun sailburuak ukatu egin zuen inauterietan foam jaurtigailuak erabili izana.
Herri mugimenduak nabarmendu duenez epaitegiari ardura eskatu diote eta kasua behar bezala iker dezatela exijitu, “auziak eskatzen duen seriotasunarekin”. Epaileak hartutako erabakiaren aurrean defentsak helegitea aurkeztuko duela adierazi du.
Abenduaren 14an Villabonan elkartasun jaialdia antolatu dute Xuharri babesa adierazteko. "Biolentzia polizialik ez" lelopean.