argia.eus
INPRIMATU
Tolosalderako osasungintza publikoa eskatzeko manifestazioa egin dute Tolosan
  • Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde plataformak deituta, bi mila lagun atera dira kalera, antolatzaileen arabera. EAEko gainerako eskualdeen pareko osasun zerbitzua aldarrikatu dute. Greban dauden Asunción ospitaleko langileak ere batu dira mobilizaziora.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko maiatzaren 08a
TOPAk salatu du Tolosaldeak EAEko gainerako eskualdeek baino osasun zerbitzu \"kaxkarragoa\" duela. (Argazkia: Tolosaldeko Ataria)

Tolosalderako osasungintza publikoa aldarrikatzeko manifestazioa egin dute larunbatean Tolosan, Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde (TOPA) plataformak deituta. Antolatzaileen arabera, 2.000 herritar baino gehiago atera dira kalera Tolosaldeko osasungintza egoera larrian. Konponbidea orain! lelopean.

Egun, eskualde horretan dagoen ospitale bakarra Asunción klinika pribatua da, eta Osakidetzarekin duen hitzarmen baten bidez ematen du zerbitzua. TOPAk salatu du Tolosaldean EAEko gainerako eskualdeetan baino zerbitzu okerragoa dutela: "Arreta kaxkarragoa jasotzen dugu, azpiegitura aldetik ere eskasago gabiltza, eta gainerakoetara baino diru gutxiago iristen da eskualde honetara".

EAJk manifestazioaren bezperan adierazi zuen Tolosaldeko ospitale publikoa "errealitate" izango dela. Agerraldia egin zuten Joseba Egibar Gipuzkoa Buru Batzarreko lehendakariak, Olatz Peon egungo Tolosako alkate eta barrutiko hautagaiak eta Xarles Iturbe Tolosako alkategaiak. Egibarrek adierazi zuen Legebiltzarrean aurrekontuak konprometitzen hasiak direla, eta ospitale publiko berria Tolosan egongo dela. Ez du ospitalea martxan jartzeko datarik zehaztu, baina Peonen arabera Osasun Saila Plan Funtzionala egiten ari da eta aurrekontu partidak jaso ditu: 2023an 100.000 euro eta 2024ean 500.000 euro bideratuko ditu.

TOPAk adierazi zuen aspertuta daudela "benetako konpromisorik ez egoteaz" eta "soilik hauteskunde aurreko promesa hutsalak" aditzeaz. "12 urte baino gehiago daramatzagu osasun arreta prekarioa jasotzen, eta ez dugu ikusten arazoa konpontzeko arrastorik". Salatu dutenez, ez dakite ia ezer ospitale berriaz eta haren plan funtzionalaz. Asuncion Klinikaren eta bertako langileen etorkizunaz ere ezer ez dakitela gaineratu dute.

Asuncioneko langileak borrokan

Asuncioneko langileek ere parte hartu dute larunbateko mobilizazioan. "Hitzarmen duin baten alde" borrokan ari dira, eta ELA eta LAB sindikatuek deituta mobilizazioak egingo dituzte maiatzean. Joan den astean bi orduko lanuzteak egin dituzte eta maiatzaren 8tik 31era hamar egunetan greba egingo dute. Zuzendaritzari eskatu diote langileen erosahalmena bermatu eta lan orduak murrizteko hitzarmena negoziatzeko.