argia.eus
INPRIMATU
Tolosaldeko ospitala Iurreamendin eraikiko dela jakinarazi dute Osasun sailburuak eta alkateak
  • Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua eta Olatz Peon Tolosako alkatea bildu dira ekainaren 7an eta Osakidetzaren etorkizuneko ospitalea gauzatzeko lankidetzan jarraitzeko konpromisoa berretsi dute.

ARGIA @argia 2021eko ekainaren 08a
Gotzone Sagardui Osasun sailburuak eta Olatz Peon Tolosako alkateak egin zuten bileraren osteko argazkia. Irudia: Eusko Jaurlaritza.

Jaurlaritzak azaldu duenez, bai Osasun saila eta bai Tolosako udala pozik agertu dira, "izan ere, Iurreamendik mugikortasunaren, irisgarritasunaren, azpiegituraren eta lurren jabetzaren irizpideak betetzen ditu".

Bi aldeek berretsi dute Tolosaldeako ospital publikoa eraikitzeko konpromisoa eta hurrengo lanak zehaztu dituzte: Tolosako Udalak Hirigintza Antolamenduko Plan Orokorra aldatuko du eraikina Iurreamendin kokatu ahal izateko eta Eusko Jaurlaritzak, bere eskumenen arabera, Plan Funtzionala egin eta etorkizuneko osasun-zentroaren eredua zehaztuko du.

Klinika pribatuei muzin egin gabe

Tolosaldeko Atariak jaso duenez, Asuncion klinikaren egoerari buruz galdetuta, sailburuak adierazi du osasun publikoak eta osasun pribatuak "bermatzen dutela" osasun sistema EAEn, eta beraz, "guztiontzako eremuak izango ditugu proiektu honi esker". Ekainaren 9an Osasun sailburuak bilera izango du Tolosaldeko Alkateen Mugimenduko kideekin. "Beraien sentipenak eta nahiak helaraziko dizkidatelakoan nago, eta nik pozez entzungo diet".