Tolosaldeko Hitza-k, Galtzaundi aldizkariak eta Txolarre irratiak Tolosaldeko Ataria egitasmoa jarri dute abian. Aurreneko biak Ataria agerkarian bilduko dira; webgunea Ataria.info izango da; eta Ataria Irratia sortu dute.
Paperezko edizioari dagokionez, Hitzaren argitalpen egunei eutsiko die: astearte, asteazken eta ostegunean zortzi orri argitaratuko dituzte; eta ostiraleko astekariak 24 orri izango ditu.
"Tolosaldeko Ataria proiektu berria da neurri batean, baina baita trantsizioa ere, kontuan izanda aurretik genituenak baliatuko ditugula, ez garela hutsetik hasi, esperientziak bateratuta baizik", azaldu du Ainhoa Oiartzabal egitasmoaren koordinatzailek Berria egunkarian. "Zerbait berria ekartzeko sortu dugu Tolosaldeko Ataria, konpartimentu estankuek egin dute beren bidea, eta aurrera egin nahi badugu, urratsa egin behar dugu. Urrats hori egin dugu, eta argi dut gai garela zerbait berria eskaintzeko komunikazioaren munduari".