Duela hilabete Tolosaldea Bus enpresarekin zerbitzua azpikontratatzearen inguruko negoziaketekin hastea lortu ostean, besteak beste %15eko soldata igoera adosten duen akordioa gauzatu dute langileek.
Manifestazio, protesta-ekintza eta elkarretaratzeetan beren aldarrikapenei tinko eutsi ostean, Tolosaldea Buseko langileek akordio “handia” lortu dutela adierazi du ELA sindikatuak.
Langileek eta enpresak adostu duten akordioan, 2021. urtera arte progresiboki egingo den soldataren %15eko igoera bermatu da. Lan-erreformak hitzarmena blindaturik utziko duen aurreraeragin mugagabea gehitzea ere adostu dute eta enpresak akordioa bere kabuz aplikatzeari uzteko aukerarik ez du izango.
ELAk, “grebaren epealdian Gipuzkoako Foru Aldundiak erakutsi duen utzikeria” eta “Markel Olano Ahaldun Nagusia eta Marisol Garmendia Mugikortasun Sailburuaren arduragabekeria” salatu du. Gaineratu du “zerbitzua azpikontratatu daitekeen arren, Aldundiak duen erantzukizuna ezin dela ordezkatu”.
Tolosaldea Buseko langileek azpimarratu dute akordioaren gauzatzea “hein handi batean herrikideei zor” dietela eta grebaren “alde kaltetua” izan diren arren, langileen arrazoiak ulertu izana eskertu dizkiete.