argia.eus
INPRIMATU
Tolosako inauterietan txosnak ohiko lekuan mantentzea exijitzeko kanpaina egiten ari dira
  • Urtero legez Euskal Herria Plaza eskatu du Tolosako Txosna Batzordeak, baina salatu duenez, udalak aldebakarrez erabaki du txosna gunea Plaza Berrira lekualdatzea.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2023ko urtarrilaren 23a

Tolosako Udalak "behin betiko" erabakiaren berri eman du: aurtengo Inauterietako jaietan txosna gunea ez da Euskal Herria Plazan jarriko; ohiko lekuan beharrean, Plaza Berrian ipiniko da. Iragarpena era ofizialean egiten ari zela Olatz Peón alkatea, udal-aretora sartu dira Tolosako Txosna Batzordeko hainbat kide, kartelak eta aldarriak eskuan, protesta eta presio egitera.

"Bizilagunen urteetako eskariari erantzun asmoz, eta plazen arteko txandakatzeko sistema martxan jartzeko helburuarekin, aurtengo Inauterietan txosna gunea ez da Euskal Herria Plazan kokatuko", hala jakinarazi du Tolosako Udalak. Festaren, bizilagunen deskantsuaren, eta herriko merkatari eta ostalarien arteko "orekak bermatzeko" hartu du erabakia udalak, eta Txosna Batzordearentzat "ez dela erabaki berria" ere jakinarazi du, "aspalditik jorratu delako gaia".

Tolosako Txosna Batzordearen arabera, lekualdatzeak "txosnen deuseztapena" ekarriko du, Plaza Berrian ez dutelako "baldintza egokirik" ikusten.

Argudioak eta kanpaina

Abenduaren erdialdean Tolosaldeko Ataria hedabidera bidalitako oharrean eman zuen egoeraren berri Txosna Batzordeak. Jakinarazi zutenez, ordurako "aldebakarrez" erabakia zuen Tolosako Udalak ohiko plazatik beste plaza batera lekualdatzea datorren otsailaren 16tik 22ra ospatuko diren Inauterietako txosna gunea.

Hitzez hitz, honela adierazi zuten oharrean: "Txosna batzordeak ezarritako baldintzak errespetatu ditu beti, bai ordutegiari, soinuari zein bestelako aspektu teknikoei dagokienez. Aurten, ordea, udalaren jarrera bestelakoa da: txosna Euskal Herria Plazatik kanporatu nahi dute. Soinu arazoak argudiatuz, Plaza Berrira mugitzea da euren proposamena. (...) Tolosan ez dago, Euskal Herria Plazaz gain, txosnaren ezaugarrietara egokitzen den beste plazarik. Plaza Berrian, plaza txikiagoa denez, ezinezkoa da urtero erabiltzen dugun 30 x 15 metroko karpa muntatzea, are gutxiago inguruan behar ditugun materialen biltegi, musikarien furgoneta, zabor, komun eta bestelakoak sartzea. (...) Plaza Berria bera eta inguruko pasabideak erabat oztopatuko lituzke eta jai girotik aparte geldituko litzateke. Gainerako plazak aukera are desegokiagoak dira. (...) Soinuari dagokionez, plaza guztietan arazo berbera legokeela ulertzen dugu".

Elkarretaratzea egin eta sinadura bilketa ere abiatu du Tolosako Txosna Batzordeak.