argia.eus
INPRIMATU
Tolosako hilerrian musulmanak lurperatzeko lekua egokituko du udalak
  • Urte honen amaierarako Tolosako San Blas auzoko hilerrian lekua egokituko du udalak herritarrak erritu musulmanen arabera ere bertan lurperatu ahal izateko. Donostiako udala ere Polloe hilerria egokitzen ari da.

ARGIA @argia 2022ko abuztuaren 23a
Argazkia: Tolosaldeko Ataria.

Musulmanen "al-dafin" hileta errituak zehazten du hilobiek Mekara begira egon behar dutela, eta gorpua zuzenean lurrari eman behar zaiola hilkutxarik erabili gabe, alde baterantz etzana (eskuinerantz). Hilkutxa erabiltzen dute askotan, Euskal Herrian bezala derrigorra baita leku askotan.

Pandemiak Euskal Herrian bizi den komunitate musulmanari zaildu egin zion bere kideei agurra eman ahal izatea, izan ere, mugak itxi zirenez ezin zituzten gorpuak hildakoen jatorrizko herrialdeetara eraman, eta bestetik, bertako hilerriak ez zeuden erritu musulmanen arabera ehorzteko prestatuak.

Euskal Herrian hilerriak egokitzen ari diren udalak

Tolosaldeko Ataria hedabideak jakitera eman duenez, sei udal dira 2018tik Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean Ados batzordean parte hartzen ari direnak, hainbat herritako hilerrietan ehorzketak egiteko espazioak sortzeko asmoz: Arrigorriaga, Gasteiz, Donostia, Ordizia, Elgoibar eta Tolosa. Jaurlaritzaren helburua da epe ertainean eskualde bakoitzak musulmanen errituen arabera lurperatzeko espazio bat egokitutako hilerria izatea.

Donostia da izapideak gehien aurreratuta dituen hiria. Polloe hilerrian 400 metro koadroko gune bat prestatzen hasi da, 280 gorpu hartzeko edukierarekin.