argia.eus
INPRIMATU
Tolosako, Getariako eta Zarauzko zaharren egoitzetan irteerak itxi egin ditu Aldundiak behin behinean
  • Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak aditzera eman duenez, irteerak eten egingo dituzte Tolosako Iurreamendi eta Uzturre egoitzetan, eta baita Zarauzko Santa Ana egoitzan ere. Horrez gain, Uzturre eta Getariako zentroa aldi baterako itxiko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Mikel Eizagirre 2020ko uztailaren 16a

Erabakia "egoitzetako talde arduradunekin koordinatua" izan dela ziurtatu du Maite Peñak. Gainera, diputatuaren esanetan, egoitzetako bisitak “prebentzio eta segurtasun neurri guztiak zorroztuz” egin beharko dira.

Diputatuak gogora ekarri duenez, Iurreamendi egoitzan pasa den astelehenetik aurrera irteerak galarazita daude, bertan bizi baitira orain Ordiziako San Jose egoitzako hainbat erabiltzaile eta birmoldaketa lanei ekin diete bertan. “Tolosako eta Zarauzko zentroetan etenaldi horiek denboran luzatuko dira, eta egoera epidemiologikoak ahalbidetzen duenean berrartuko dira”, argitu du Peñak.

Era berean, jakinarazi duenez, Goierriko eta Tolosako egoitzetan “ez dago COVID-19an positibo eman duen erabiltzailerik”, erabiltzaileei zein zentroetako langileei PCR probak egin ondoren jakin dutenez. Iragan asteartetik 940 PCR proba egin ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak DYArekin batera. Probak honako zentroetan egin dira: Beasaingo Arangoitin, Lazkaoko Txindokin, Segurako San Juanen, Zumarragako Argixaon, Legazpiko Santikutzen, eta Tolosako Iurreamendin eta Uzturren. Maite Peñak gaineratu du datorren astetik aurrera prozedura bera jarraituko dela Zarauzko egoitzan. Horren helburua “birusaren eraginen aurrean ahulenak diren pertsonen ongizatea zaintzen jarraitzea” dela dio Peñak.