argia.eus
INPRIMATU
Tolosa inauterietan murgilduko da ostegun honetan
  • Haratustea baino luzeago egin zaie tolosarrei inauteririk gabeko urtea. Hilaren 24tik martxoaren 1a bitarte berreskuratuko dituzte aurten festak. Karrozak prestatzeko bi aste baino izan ez dituzten arren, aurten ere kaleak hartuko dituzte. Txosnak eta barrakak ere urteroko lekuetan izango dira. Udalak jende pilaketak saihesteko neurriak iragarri ditu.

ARGIA @argia 2022ko otsailaren 22a

Denbora ematen dute tolosarrek karrozak, mozorroak eta koreografiak prestatzen, baina aurtengoan azkar egin behar izan dituzte lan hauek, otsailaren 10ean jakinarazi baitzuen Udalak ospatuko zirela. Guztira, 12 karrozak hartuko dute parte Zaldunita egunean, 2 Astelenitan eta 11 Asteartitan. 11:00etatik 23:00etara egongo dira kalean eta bitarte horretan jarri ahal izango dute musika. Hauez gain, astelehenean aisialdi taldeen konpartsak arituko dira San Frantzisko pasealekuan barrena: Kazkabarra, Kirikiño, Ttenttek eta Txiribitu taldeak hain zuzen.

COVID-19 neurriak

Udalak iragarri du jende pilaketak saihesteko neurriak hartuko dituela: besteak beste, karrozen arteko distantzia handituko du eta Rondilla kalea hutsik utziko dute, herritarrek oinez ibiltzeko tarte handiagoa izan dezaten. Olatz Peon alkateak oroitarazi du herritarren artean 1,5 metroko distantzia gorde ezin denetan "musukoa erabili behar dela".

Alkateak Tolosara inauterietara joateari buruz egin zituen adierazpenek eman dute zeresanik. Tolosaldeko Ataria hedabideak Peonen hitzak jaso ditu: "Aurretik ere esan nuen, osasun egoerari begiratuta, logikoagoa dirudiela norberak inauteriak bere herrian ospatzea. Zalantzarik ez dut, Tolosa eskualde buru izanik, eskualdeko herritarrak Tolosan izango direla egunotan. Nik ahalegin bat eskatu nuen, baina guk ezin dugu ezer gehiago egin, ez ditugu herriko sarrerak itxiko".

Tolosaldeko Atarian irakur daiteke aurtengo egitaraua osorik.