argia.eus
INPRIMATU
Tokioko Olinpiar Jokoetako batzordeko presidenteak dimititu du adierazpen sexistak egiteagatik
  • Japoniako Batzorde Olinpikoan egindako iruzkin sexista batzuek piztu duten polemikaren harira, dimisioa aurkeztera eraman du batzordeko presidente eta Japoniako lehen ministro ohi Yoshiro Mori.

Oihane Arretxea Bereziartua @oihane_arretxea 2021eko otsailaren 12a
Argazkia: 内閣官房内閣広報室

Yoshiro Mori, Tokioko Olinpiar Jokoetako batzorde antolatzaileko presidenteak dimisioa aurkeztu du ostiral honetan, sexistatzat jotako adierazpenak egin ostean, nazioartera ere zabaldu den polemikaren ondorioz.

Otsailaren 3an, emakumeen erruz exekutiboen bilerak gehiegi luzatzen direla kritikatu zuen. "Emakumeen kopuruak gora egiten duenean, hitz egiteko denbora mugatua ez badute, bukatzeko zailtasunak dituzte, eta hori oso gogaikarria da”. Japoniako Batzorde Olinpikoaren bilera batean egin zuen adierazpena, non bost emakume baino ez dauden 24 kideren artean.

Morik barkamena eskatu zuen, baina uko ekin zion dimititzeari. Presioek, baina, azkenean kargua uztera behartu dute.

Moriren aurkako neurriak eskatzeko online kanpaina batek 146.000 sinadura baino gehiago bildu ditu eta Olinpiar Jokoetako 400 bolondresek dimititzea erabaki dute. Nazioarteko Olinpiar Batzordeak Moriren hitzak "guztiz desegokitzat" jo ditu eta Jokoetako babesle den Toyota enpresak, enpresaren balioekin bat egiten ez dutela adierazi du.

Mori Japoniako lehen ministro izan zen 2000-2001 artean. Kirol-ekitaldien eremuan figura ezaguna da eta 2019an Japonian ospatu zen Munduko Errugbi Koparen arduraduna izan zen. Joko olinpikoak uztailean egitea da antolatzaileen asmoa eta oraindik ez dute Moriren oinordekorik izendatu.