argia.eus
INPRIMATU
Tokioko Olinpiar Jokoak 2021era atzeratuko dituzte
  • Kanada, Australia eta Erresuma Batuko delegazioek Olinpiar Jokoetan parte hartzea baztertu eta gero hartu dute erabakia. Lau asteko epea zuen Japoniako Komite Olinpikoak erabakia hartzeko, baina azken herrialdearen ezezkoaren hurrengo egunean heldu da erabakia.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2020ko martxoaren 24a

Martxoaren 22an erretiratu ziren Kanadako talde Olinpikoa eta Paralinpikoa, 2020ko uztailean Tokion ospatzekoak ziren Olinpiar Jokoetatik. Horrez gain, Nazioarteko Komite Olinpikoari jokoak atzeratzeko deia egin zien: “Onartzen dugu mota honetako atzerapenak sor ditzakeen zailtasunak, baina ezer ez dago gure kirolarien eta munduko komunitatearen osasunaren gainetik”.

Shinzo Abe Japoniako lehen ministroak erabakiaren ondoren egindako adierazpenak publiko egin ez badira ere, aurreko egunetan jada jokoak atzeratzea aukeretako bat zen. “Zaila da jokoak bere osotasunean mantentzea, atzeratzea saihestezina izango da, kirolarien osasuna lehentasuna baita guretzat”, esan zuen martxoaren 23an.

Nazioarteko Komite Olinpiarrak, ordea, jokoak atzeratzea “aukeretako bat” soilik dela adierazi zuen, eta jokoak bertan behera uzteak ez zuela inongo arazorik konponduko.

Australia eta Erresuma Batuko delegazioak izan dira hurrengoak parte-hartzea ezeztatzen, eta horren ondoren erabaki du Komite Olinpiarrak jokoak atzeratzea.