argia.eus
INPRIMATU
Tokiko espezieekin osatutako basoa landatzeari ekingo diote igandean Arrankudiaga-Zollon
  • Lursailaren jabeak hitzarmena sinatu du Lurgaia Fundazioarekin eta Sagarrak talde ekologistak deialdia zabaldu du landaketara batzeko. Zaraobe Institutuko ikasleak asteartean aritu ziren zuhaitzak landatzen.

Aitor Aspuru Saez Aiaraldea @aiaraldea 2025eko urtarrilaren 17a
Zaraobe Institutuko ikasleak 12 hektareako lursailean. Sagarrak

Lurgaia Fundazioaren eskutik, 12 hektareako lursaila duen herritar batek pinudia tokiko basoa bilakatzeari ekin diote. Pertsona horrek Lurraldearen Zaintza deituriko akordioa sinatu du Lurgaiarekin eta horren bidez bertoko espezieak landatzen ari dira.

Berez duela urte eta erdi moztu zituzten han zeuden pinuak eta jadanik hasi dira beste zuhaitz batzuekin ordezkatzen.

Hain zuzen, Zaraobe Institutuko ikasleak lanean aritu ziren asteartean, Komunitatearentzako Lanen ikasgaiaren barruan.

Sagarrak talde ekologistaren deialdia

Lursailaren jabea Sagarrak talde ekologistako kidea dela baliatuta, deialdia zabaldu du elkarteak landaketan parte hartzeko, babesteko eta laguntzeko. Berez, Basauritik 09:14ko trenean abiatuko dira Renfeko tren zerbitzuan, hortaz, 09:28ak aldera helduko dira Arrankudiagara.

Geltokitik 3,5 kilometroko ibilbidea izango dute lursaileraino eta bidean solasaldia eskainiko dute.

Berez, izena emateko epea atzo agortu zen -bazkaria prestatuko dute-, baina Sagarrak taldeko telefono zenbakia honako hau da: 613 163 167. Printzipioz, 60 lagunek eman dute jadanik izena.

Deialdi gehiago

Asteburu honetan ez ezik, otsailean eta martxoan ere auzolanak deituko dituzte 12 hektareak berriro landatzeko.