argia.eus
INPRIMATU
Tokiko elikagai ekologikoen aldeko apustua egingo dute Laudio Ikastolan
  • Otsailetik aurrera eskainitako menuan elikagai ekologikoak txertatzen hasi dira eskolan, eta “Kilometro 0 jatorriko elikagaien saskia handitzea” bilatuko dute ere. Gainera, plastikorik gabeko egunak izaten saiatuko dira ere ikastetxean.

Julen Solaun Aiaraldea @aiaraldea 2020ko otsailaren 25a
Elikagai ekologikoen aldeko apustua egingo dute Laudio Ikastolan. / Aiaraldea.eus

Elikagai ekologikoak erabiltzen hasi dira Laudio Ikastolako jantokiko menuan otsailean. Gainera, ikastetxearen beste helburua da egunerokoan erabiltzen duten “Kilometro 0 jatorriko elikagaien saskia handitzea”, ohar batean adierazi duten arabera.

Harira, dagoeneko “erosketen %65” hurbileko hornitzaileetara bideratzen dutela gehitu dute, “urtero 80.000 eurotik gorako gastua” eskualdean.

Elikagai ekologikoak ikasleen dietan sartzeko lehenengo platerean egin ohi duten barazki eskaintzan “azalore ekologikoa edo barazki ekologikoz soilik prestatutako purea” sartu dituzte, besteak beste.

Horretarako, “hurbileko ekoizleengana” jo dutela argitu dute, eta proiektua Josemi Atxaren Kasille baserriko nekazaritza-ustiategiarekin hasi dutela argitu dute.

Kilometro 0ko elikagaiei dagokienez, Okondoko arrautzak, Laudioko odolosteak edo Orozkoko txorizoak bezalako produktuak erabiltzen dituztela esan dute.

Esnekien esparruan, esaterako, Goiuriko gazta aldiro eskaintzen hasiko direla zehaztu dute. Dena den, beste hainbat esneki ikastolako sukaldean prestatzen ziren jada.

Kontuan hartu beharra dago ikastolak 540 menu prestatzen dituela egunero, “bataz beste ikasleen %65”. Bestalde, Eskola Agenda 21 programaren harira, jantokian “plastikorik gabeko egunak” egitea bilatuko dute ere.