Euskarak har ditzakeen bide anitzak erakusten ditu bi urtetik behin Korrikak. Araban, etxe barrurako bidea hartua du joan den urte amaieraz geroztik, haraino heltzen baita Arabako Alea astekaria. Aberatsago bilakatu dira, beraz, euskara nahiz tokian tokiko informazioa.
Abenduan 0 zenbakia kaleratu eta 65.000 ale banatu zituzten, jendeari proiektua ezagutzera emateko. Arretaz, eta zenbait kasutan sorpresaz, erantzun zutela dio Aritz Martinez de Luna Alea-ko zuzendariak. “Gaur egun horrelako proiektu bat martxan jartzeko ausardia genuela aipatzen ziguten”.
Egitasmoak martxan jartzeko garairik errazena ez izan arren, Aleak apustu bikoitza egin du aldizkaria paperean argitaratzen du-eta: “Badirudi dena doala online mundura eta paperezkoa baztertzen goazela. Bestalde, badago egunerokoan prentsa eta aldizkariak irakurtzen dituen jendea eta hauek ere euskara hutsean Araba mailako aldizkari bat izatea beharrezkoa da. Euskararen normalkuntza prozesuan horrelako euskarri fisikoak izatea beharrezkoa delako eta gabezia zegoelako sortu da Alea”. Paperezkoak lehentasuna hartu du baina etorkizunean badute atari digital bat sortzeko asmoa.
Geu Gasteiz aurrekari
Arabako Alea-k duela urte asko argitaratzeari utzitako Geu Gasteiz aldizkaria du aurrekari. “Hura bertan behera utzi zenetik bazegon irrika proiektua berriz martxan jarri eta horrelako komunikabide bat sortzeko. Zailtasunak medio, beste eragile batzuen partaidetza eta inplikazioa bilatu zen”, azaldu du Martinez de Lunak.
Hiru zutabe ditu aldizkari berriak: Geu Elkartea, Berria egunkaria eta Goiena Komunikazio Taldea. “Geu Elkarteak hartu du pisu gehien bere gain eta beste biek beraien esperientzia ekarri dute proiektura. Horri esker jarri ahal izan da martxan”.
Gainera, Berria-rekin lortutako akordioaren arabera, Arabako Hitza ordezkatu du Alea-k, eta ondorioz, asteburuetan aldizkaria egunkariarekin batera banatzen da herrialde osoan.
Elkarlana koadrilatan
Aurrekari zuen Geu Gasteiz hiriburuan bakarrik oinarritu eta argitaratzen zen eta Alea-k, aldiz, hasieratik hartu zuen zenbaki guztietan eskualde edo koadrilek presentzia izateko konpromisoa. Martinez de Lunaren esanetan, “badakigu Araba nahiko zentralizatuta dagoela Gasteiz inguruan eta gaur egun ere, gure irakurle edo harpidedun gehienak Gasteizkoak dira. Baina euskaldunak Araba osoan daude eta Gipuzkoan edo Bizkaian ez bezala, hemen ez dago tokian tokiko komunikabiderik, beraz, Araba osora zabaltzeko beharra ikusten genuen”.
Bazter guztietara heldu ahal izateak baliabideak areagotzea eskatzen du eta proiektu berria izateaz gain, lan talde txikia du Alea-k. Beraz, egunotan Korrikako testigua egiten ari den moduan, esku gehiago bilatu behar izan ditu proiektuak. “Lortu dugu kolaboratzaile ezberdinekin sare bat ehuntzea eta beraiek egiten dituzten ekarpenei esker lortzen dugu informazioa bildu eta publikatzea”.
Proiektua zehaztu eta finkatuta, jende berria erakarri eta aldizkaria aletzen jarraitzeko harpidetza kanpainan dabiltza orain.