Espainiako Gobernuak onartu du Tobin eta Google finantza-tasak sistema fiskal moderno baten barruan ezartzea, eta sistema hori Espainiako Estatuan ez ezik, Europa osoan garatu nahi da. Munduko kapitalismoaren funtsezko kudeatzaile den AEBetako presidente Trumpen mehatxuek, ordea, paper errean edo zerga hutsalean utz lezakete.
Google tasa erraldoi digitalei ezarriko litzaiekeen %3ko zerga da, munduan 700 milioi euro baino gehiago fakturatzen duten eta Espainiako Estatuan 3 milioitik gorako diru-sarrera duten enpresa digitalak zergapetuko lituzke. Tobin tasak, berriz, 1.000 milioitik gorako burtsa balioa duten Espainiako konpainien akzioen salerosketa zergapetuko luke %0,2rekin. Erosketa-agindua betearazten duten finantza-bitartekariek ordainduko diote fiskoari. Bi zergekin 2.000 milioi euro bildu nahi zituzten 2019an, baina dagoeneko 1.200 milioi ingurura murriztu dute kopurua.
Trumpek esan du bere enpresa teknologikoei zergak ezartzen dizkieten herrialde horietako produktuei muga-sariak ezarriko dizkiela. Eta badira herrialde batzuk, Frantzia kasu, horren aurrean kikildu eta zerga hori atzeratu dutenak urte amaierara. Hilabete asko geratzen dira tasa horiek ezartzeko, baina Trumpek denbora bera dauka bere armada teknologiko kapitalista osoarekin xantaia egiten segitzeko eta bere irizpidea inposatzeko. Hau da, tasa horiek ezabatu edo, gutxienez, ahalik eta gehien murriztea.
Herritarrek, alderdi politiko, sindikatu eta mugimendu sozialekin batera, fronte solidario eta antikapitalista planifikatu beharko lukete, tasa horiek ez daitezen bihurtu gobernuaren propaganda huts. Soilik horrela lortuko dute pentsioak, mendekotasuna, berdintasuna eta gizarte-ongizatea hobetzeko eraginkorrak izatea.