Bilboko hiri-hondakinak tratatzen dituzten 120 langileak egoera prekarioan ari dira zerbitzu publikoa azpikontratatu zenez geroztik. Borroka luze hori argazkien bidez islatu dute Bizkaiko Aldundiaren jauregi aurrean.
Hilaren 12an bete dituzte 100 egun greban Bilboko Arraiz mendian dagoen Tratamendu Mekaniko Biologikoko (TMB) plantan ari diren langileek. Hiru hilabetetan egindako mobilizazioen berri emateko argazki erakusketa antolatu du ELA sindikatuak Bilbon, Bizkaiko Aldundiak duen egoitza aurrean.
Garbiker sozietate publikoak zerbitzua UTE edo aldi baterako enpresa baten esku utzi zuen, Pabisa eta Valoriza-Sacyr konpainia pribatuek ustiatu zezaten. Langileek lanaldi eta soldata baxuak salatu dituzte, erritmo jasangaitzak eta gaizki ordaindutako ordu estrak, besteak beste.
Arraizko plantara sarritan gaizki sailkaturiko hondakin kutsagarriak ere iritsi ohi dira eta toxikotasun plusa kobratzen dute langileek; baina hala ere sektoreko beste langileek jasotzen dutenaren oso behetik daude. Lantaldearen zati handi batek lanaldi herena baino ez dauka eta ez da 400 eurora iristen.
ELAk salatu du egoera horren aurrean Foru Aldundia eta Garbiker izaten ari diren jarrera: “Gehiago arduratzen dira gutxieneko zerbitzuak arautzen, gatazkaren konponbidea bilatzen baino”.
Grebaren ondorioz Arraizko TMBra eraman beharreko hondakinak Jata zabortegira eramaten ari dira kamioietan Bizkaiko Aldundiaren erabakiz –egunean 2.000 tona izan daitezke–. Arraizko TMBra Bilboko hiri-hondakinak iristen dira eta bertan birziklatzerik ez duten materialaren zati bat aldamenean duen Zabalgarbiko erraustegira eramaten dute.